Gaur goizeko ametsa

Gaur goizean amets bat izan dut, askotan ez bezala ederki gogoratzen dudan ametsa. Istorio interesgarri bat bezala hasi dena, gero eta desatseginagoa bihurtu da. Amets ederra amesgaizto bihurtuta, esnatu naizenean nire barrenak ondoezik igarri ditut. Esnatzerakoan gogoratu dudan ametseko lehen gauza, lanean nengoela da. Etxera heldu eta irratian gogoeta ugari proposatzen ari zen emakume baten hitzak entzun nituen. Hitz egiten ari zen pertsona hura, gizarte elkarte aipagarri bateko presidentea zen. Zera zioen lehenik: “…gizarte honetan gertatzen ari diren gatazka eta ezbehar asko, guk geuk sortutakoak dira, ez kanpo faktore batzugatik sortuak. Gizarte honetan sufritzen ari diren pertsonen gehiengoa, guk geuk sortu dugun gizarte honen gabezia eta gehiegikerien ondorio latzak jasaten ari da. Gainera ez gara gure gizartearen norabidearen jabe, inertzia soilez aurrera doan sistema baten menpe besterik ez gaude, beste batzuk horretaz ederki aprobetxatzen diren bitartean! …” Ondoren kexa hauek defendatzeko argumentuak ordu bete luzez azaldu zituen. Konbentzimendu osoz hitz egiten zuen emakume hark, eta norbera ere konbentzitzen zuten bozgorailutik ateratako hitz haiek.

Kalera irten eta lagunekin topo egin bezain laster, entzundako berbaldi horri buruz mintzatu nahi nuen beraiekin. Tabernara heldu bezain pronto, beraiek ere hitzaldi berbera entzun zutela ohartu nintzen, horretaz ari baitziren hizketan. Nire sorpresarako, inguruan neuzkan lagun kuadrila denak ere asunto berberaz hitz egiten ari zirela konturatu nintzen. Herri osoan zabaldu zen gaia, baita herrialde osoan ere. Ez nekien emakume hark jendea liluratzeko gaitasuna ote zuen, edota jendea bera ordurako biziki ohartuta zegoen gai horretaz, eta beharrezko zuen gauza bakarra beste guztiak berdina sentitzen zutela jakitea ote zen. Kontua da aste guzti horretan ez zela beste gairik jendearen ahotan. Bakoitzak bere argudio eta iritziak azaleratzen zituen, segidan besteen postura entzuteko irrika azalduz. Halako batean, etxera heldu eta irratia piztean, aurreko astean entzundako emakume bera entzun nuen erreferendum bat egitea proposatuz. Erreferendum honen bidez, geldialdi orokor bat egin eta gure gizartea eraldatzeko erreflexio eta eztabaidak antolatzea proposatzen zen. Eta halaxe gertatu zen.

Galdeketaren ostean, behin behineko geldialdia ezarri zen, denon artean adostutako gizarte aldaketa martxan jarri arte iraungo zuena. Bizitza duintasunez aurrera ateratzeko gutxiengo zerbitzuak mantendu ziren, kapritxoak alde batera utzi eta behar beharrezkoak ez diren gauzak produzitzen edo zerbitzu hutsaletan denbora galdu gabe. Lehenik eta behin epe luzerako zer motatako helburuak lortu nahi ziren zehaztu beharra zegoen, ondoren hauek lortzeko epe motzagoko beste helburu batzuk ezarriz. Egunero hausnarketa eta eztabaida puntu ezberdinetan ateratako ondorioak jaso eta txosten baten biltzen ziren. Txostena astero eguneratu eta laburbiltzen zen, gero eta ondorio argi eta zehatzagoak lortuz. Ezarri beharreko helburuetarako hausnarketekin batera, mota askotako hitzaldiak antolatzen ziren, aspektu ezberdinetako ikuspuntuak jorratu eta jendearengan kontzientzia sortzeko.

Hitzaldi ezberdinetan parte hartzeko aukera izan nuen. Batean, nerabeek sufritzen zuten oinaze eta egonezinez hitz egin zen. Arrazoi nagusietako batek, ume eta helduen munduen arteko distantzia handiak eragiten zuela zioen, eta nerabea tartean galduta aurkitzen zela. Helduek umeak tratatzeko modua desegokia zela eta umeak errespetu eta arreta gehiago merezi zutela; labur esanda, helduek ez zituztela umeak ulertzen. Esaldi bat deigarri egin zitzaidan: “nonbait ahaztu dugu noizbait umeak izan garela, eta umeak noizbait helduak izango direla”. Helduen mundua transformatu eta pertsona guztion mundua sortzea zen helburu. Ume zuzen eta obedienteak hezi beharrean, ume sortzaile eta askeak heztea, jakintza tekniko piloa erakutsi beharrean, komunikatzeko gaitasuna eta norberaren kabuz pentsatzen erakustea,… oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta umeak zituzten guraso horiei zer esanik ez.

Beste hitzaldi batean, lana zertarako egiten dugun planteatzen zen. Itxuraz, galdera ez zen konplexua, baina planteatzeko era ez zen ohikoa. Lana behartuta egiten dugula azpimarratzen zuten, karga bat izanik. Lana ordea, guretzako beharrezkoak diren produktu eta zerbitzuak eskaini, gure adimena eta sormena landu, eta gure gorputza aktibo mantentzeko erabili zitekeela zioten. Gainera, beharrezkoak ez diren gauzak produzitzen bizi ginela zioten, gero nekez irabazitako diruaz alperrikako produktu hauek erosteko, horrela, apenas lanik egiten ez duten pertsonak gure kontura aberasteko. Produzitu eta kontsumitzeko ziklo honek gure ingurugiroan sorturiko kalteak ere begi bistakoak omen ziren.

Beste hitzaldietako batean, gizarte indibidualista honek eragiten dituen kalteez hitz egiten zen. Eta horrela, hamaika hitzalditan izan nintzen, batzuetan aktiboki parte hartuaz, eta beste batzuetan gaiari buruz jakintza urria izanagatik, entzutearekin nahikoa edukiz.

Garai interesgarri bat bizitzeaz gain, denbora horretan zerbitzu minimo haiekin ordura arte bezain ondo edo hobeto bizi ginela konturatu ginen. Izan ere, hausnarketarako denbora edukitzeaz gain, gure hurbilekoekin egoteko eta lasai bizitzeko aukera genuen. Amak zera esan zidan horietako egun batean: “bazen ordua burua pentsatzeko erabiltzeko!” Hasiera batean altxamendu bat zirudien hark, bizimodu berri baten itxura hartu zuen. Gutxinaka, lanean zerbitzu minimo horietaz gain, arlo ezberdinetan hobekuntza eta garapenerako programak jarri ziren martxan; osasun kontuetan, hezkuntzan, energia lortzeko alternatibatan, etab. Gizarteak bizimodu mota hau ezartzeko egindako autuaren ostean hasi zen kontua aldatzen.

Halako egun batean, irratian ordura arte ezezaguna zitzaidan ahots bat entzun nuen, zera esanez: “…bide honetatik segitzen badugu, kalte larriak jasan beharko ditugu” , “…kontu handia izan galbidera eramango zaituzten hauekin!”. Ez nuen gizonezko hura ezagutzen, baina beldurra transmititu zidan. Gero eta gehiago azaltzen zen gizon hura irratian, eta apustu egin genuen bizimodu berri honek zekartzan arriskuez mintzo zen. Kalera irten eta jende gehiengoa nire sentsazio berdinarekin igarri nuen; beldur ziren aurrera egitearekin. Ordura arte sentitzen zen optimismoak beldur eta zalantzei utzi zioten lekua, eta batak bestearekiko zuen konfiantza ere murrizten hasia zen. Oker genbiltzan sentsazioa nagusitzen hasi eta liskarrak ere izan ziren batzuen eta besteen artean. Ni zalantzaz beterik nengoen, izan ere, denetik entzuten baitzen. Lagun batek esaten zuenez, “ez nago aurrera segitzeko indarrarekin, guzti hau akats bat izan da”. Lehen hobeto bizi ginela esaten hasia zen, dena errazagoa zela. Irratiko emakumeak ordea, hurrengoa esaten zuen: “irratian beldurra sartzen ari den gizon horrek, dena lehengora bueltatzeko interesa du, izan ere, hura orain ez da lehen bezain ondo bizi, nahiz eta ezta beste edonor baino txarrago ere. Baina itxuraz, lehengo bizitzara ohituta, ez du oraingo bizitza xumea maite. Bestalde, ez du jendeak pentsaera propio eta kritiko bat edukitzean inolako interesik, horrek ez dio bere etekinei mesede egiten eta,… ”. Baten esanetan, besteak nolabaiteko interesa zuen jendea beren ondora erakartzeko, eta alderantziz. Iada ez nekien nori sinistu. Guztiz nahastuta nengoen. Lagun hark esan zidan bezala, “errazagoa da burua asko berotu gabe bizitzea”.

Esnatu eta ura edatea etorri zait burura, eta agian ondoez hau baretuko didan zeozer hartzea ere. Amets hau, nire barnean neukan susmoren batek sortua izango al zen? Hobe litzateke horrelako gauzez pentsatu eta gauzak aldatzen saiatu beharrean daukagun bizitzaz ahal den bezala gozatzea? Ez dakit, baina amets honek utzitako arrastoa ez zaidala bat-batean joango eta zalantza hauek ez zaizkidala burutik hain erraz ezabatuko antzeman dezaket.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Negarraren garrantzia

Genero identitatea eta sexu orientazioa