Negarraren garrantzia

Oporretan lasaitasuna bilatzen duen jendeak badu oraindik leku ez masifikatuetara joateko aukerarik, batzuetan iada ezinezkoa dela iruditzen bazaigu ere. Txoko ezagunenak alde batera utzi eta bilaketa sakonago bat egitea eskatzen du, baina posible da. Turistifikatu gabeko inguruetan bidaiatzeak, erosotasun gutxiago edukitzea suposatu dezake, baina lasaitasuna topatzen duenarentzat merezi du. Aski ezagunak diren tokiak lepo beteta egotean, berezko duten xarma hein haundi batean galtzen dute, askotan estresa edota azalkeria transmitituz.

Patagonian barrena nenbilela, leku turistiko zein ezezagunagoetan egoteko aukera izan nuen. Inguru masifikatuak ekiditeko, bertakoei galdetu edota nire kabuz bilaketa sakonagoak eginez, lasaitasuna eta bertako izaera mantentzen duten txoko batzuez gozatu ahal izan nuen. Oporretako bidaietan mendiak dituzten inguruak lehenesten ditut, Patagonian eskualde gehienetan topatu daitezkeelarik. Mendi ibilaldi ugari egin ostean, aipatzekoa iruditu zitzaidan “Huella de los Pioneros” deritzon mendiko ruta. Beste ibilaldi batzuk ez bezala, mendiaren berezko esentzia transmititzen du. Fiachras musika taldearen abesti eder bati hasiera ematen dion pasarteak dioen bezala, “isolamenduaren laztanik gozoenak jasotzen, inork gutxik maitatutako goi lurretan” nenbilela sentitu nuen. Paisajistikoki inguru ederra izateaz gain, bere historia propioa duen ruta bat da, ameriketara emigratutako euskaldunek protagonismo zati bat dutelarik. Ibilbide ia osoa Txilen aurkitzen bada ere, Argentinatik joandako gautxoek zaldien laguntzarekin ireki zuten bide hau, abeltzaintzarako lursail batzuk aurkitzeko asmoz, duela hamarkada batzuk. Esan beharrik ez dago garai haietan zeuzkaten baliabideekin mendi hauetan zehar aurrera egiteak meritu izugarria duela. Ez zuten gaur egungo mapa digital edo GPSrik, ezta eguraldi iragarpenak jakiteko aplikaziorik, ez gaur egun mendian erabiltzen ohi ditugun material teknikorik. Alta, mendian barrena mugitzeko gaitasun handiaz gain, izugarrizko bizirauteko sena eta jakintzak zituzten. Gautxo hauen artean, Argentinara emigraturiko euskaldunen ondorengoak zeuden. Ez dut euskal jatorria zuten pertsona hauek bizitakoaz hitz egingo, beste idatzi luze baterako emango luke eta. Gaurko nire idatzia beste norabide batera zuzenduko dut.

Hasiera batean ruta hau paisajistikoki zein mendizaletasun aldetik erakargarria iruditu bazitzaidan ere, bertakoekin hitz egin eta honi buruzko dokumental bat ikusi ostean, ibilbide honen sorreraren istorioa ezagutzeak ukitu berezi bat eman zion mendiko trabesia honi. Horrela, ruta hau hasten den puntura heltzeko minibusa hartzerakoan hasi zen bidaia. Herritik irten eta gutxira, ibilgailua etxe baten aurrean geratu zen. Bertan gizon bat prest zegoen etxe ondoko etxolatik kaxa bat hartu eta minibusera igotzeko. Bernardino izeneko gidariaren ondoan eseri zen, eta berarekin hizketan hasi zen, ni hain justu beraien atzean nengoelarik, esaten zuten guztia arretaz entzuten. Gizon hark hasieratik piztu zidan kuriositatea, izan ere, gure baserriko aittittak zirenak bezala jantzita zihoan: koadrozko alkondara, praka bakero, larruzko bota, txapel eta guzti. Aurpegiera euskalduna ere igarri nion, baina nire irudipenaren ondorio izango litzakela leporatu nion nire buruari. Arbaso euskaldunak zituztenen istorioak entzuteak eraginda seguruenik. Bere ezker besoari so egin eta sekulako esku lodia zuela konturatu nintzen. “Lan gogorrak egindakoa izango da tipo hau” esan nion nire buruari. Gidariarekin hizketan zihoala ostera, “chaqueta amarilla” batek esku horretan ziztatu zuela aipatu zion (erlabio batek, alegia), eta alergikoa omen zela hauen pozoiari. Barreari eutsi behar izan nion, ez bere zoritxarrak eraginda, nire burutazioa gehiegizkoa izan zela konturatzean baizik. Lan asko eginda ere, esku horren sendoera desproportzionatua zen. “Basajaun baten eskuaren parekoa, kar kar” pentsatu nuen. Ni ere erlabioen pozoiari alergikoa izateak, konbertsazio horretan sartzeko aukera eskeini zidan. Hala, buruan nituen bertako kontuen inguruko zalantza batzuk argitu eta beraiekin solasaldi interesgarri bat edukitzeko beta izan nuen. Segi aurretik aipatu nahiko nuke, erlabioa ez dela Patagonian betidanik izan. Orain dela urte batzuk Europatik etorritako espezie inbaditzailea da, duela mende batzuk barnean beste pozoi mota bat zekarten inbaditzaileak etorri ziren leku beretik. Pertsona batzuk (gizonezkoak, noski) inbaditzeko eta arpilatzeko asmoz joan baziren, beste batzuk beraien jatorrizko herrialdeetan zeuden miseriak bultzatuta bizitza hobe baten bila egin zuten alde inguru haietara. Patagoniako lur haietan, nahiko argi ezberdintzen dituzte gaur egun abizen jakin batzuk dakarten familiak; Ariztia edo Eyzaguirre abizenak esaterako, goi mailako leinuekin lotzen dituztelarik. Arratia, Urrutia eta beste abizen batzuk aldiz, familia xume eta langileekin erlazionatzen dituzte. Hala ere, kasu batzuetan, bi errealitate hauek nolabait uztartu zireneko susmoa daukat, horrelako kontuak ez baitira zuri edo beltz izaten.

Gidari eta esku haunditua zuen gizonarekin neukan solasaldiarekin jarraituz, azken honek nongoa nintzen galdetu eta euskalduna nintzela erantzun nien. Baita bertan abizen euskaldunak zeudela enteratu nintzela eta “Huella” ibilbidea zaldiz egiten zuten Arratia familiari buruz entzuna nintzela ere. Horra non, esku haundituko gizon hark Arratia abizena zuela esan zidan. Solasaldi interesgarri zein atsegina izan zen, sarri irrifar adeitsu batekin begiratzen zidan gizon harekin eta Bernardino izeneko gidariarekin edukitakoa. Momentu batzuetan baita graziosoa ere. Euskaldunak “porfiau” samarrak ginela esan zidan tonu barregarri batean, burugogor edota tematiak ginela, alegia. Nik baiezkoa esan eta gidariari bere abizenagatik galdetu zion. Hark abizena esan eta jatorriz maputxea zela argitu zuen. Nik, maputxe jatorria izanda, bera ere “porfiau” samarra izango zela esan eta barre egin genuen hirurok. Baita nire atzean eserita isilik zetorren neskak ere, itxuraz, Arratiaren iloba zenak. Arratiaren ama bizi zen etxe ondoan geratu ginen momentu batez, bertan gauzaren batzuk utzi eta beste batzuk hartzen zituen bitartean. Leku ederra zen, mendiz inguraturiko gune lau batean zegoena. Gizona bueltatu arteko tarte horretan, ibilgailutik irten eta bertako ikuspegietaz gozatzeko aprobetxatu nuen, bertako txakurrak hurbildu eta beraiekin jolasten nuen bitartean, uda izanda ere arropaz ondo estali beharreko paraje honetan. Laurogei urtetik gorako emakume hura bakarrik bizi zen etxe horretan urte osoan zehar Bernardinok esan zidanez, inguruan beste etxebizitzarik ez zegoela konprobatu ahal izan nuelarik. Inguruan etxerik ez baina pareta ikusgarridun mendi eder bat zeukan parean, glaziar zati bat oraindik zintzilik zeukala. Patagoniako udatan tarteka klima gogor samarra dela jakinik, negua han igaro beharra izugarria iruditu zitzaidan. Neguko elur eta izotzek ibilgailuei bidea gaiztotu eta, zaldietan mugitzeko beste aukerarik ez daukate oraindik. Bueltan zela, bere amak emandako “sopaipilla” batzuk eskeini zizkidan Arratiak, eta nik bai gustura asko jan ere, frijitutako opil haiek. Ruta hasteko gogoz baina jende hauei agur esateko penarekin jarri nuen motxila bizkar gainean ibilgailutik jeitsi bezain pronto.

Berau burutzeko GPS aparatuaren laguntza ezinbestekoa den ibilbidea hasi bezain laster, sentsazio gozo batek zeharkatu ninduen. Bost egun mendian igarotzeko irrikak eta bailara basati hauek gurutzatzeko ideiak arima poztu zidan. Horrelaxe ekin nion bideari, beharrezko materiala eta behar adina janari gainean neramala. Mendian bakarrik ibiltzean, norberaren pentsamenduetan murgiltzeko joera edukitzen dugu sarritan. Nik bai behintzat. Itzarrik amestea bezala da batzutan, hankek pilotu automatikoa aktibatu eta burua gorputzetik bananduko balitz bezala. Asko disfrutatzen dut oinez joan eta bertako paisaiak begiratu ahala, beste nonbait nagoela sentitzean. Kasu honetan, Arratia familia ezagutu eta aste batzuk beraiekin pasatzen nituela imajinatzen hasi nintzen. Gautxoek zeramaten bizitza deskubritu nuen, beraiekin matea hartu, burduntzian prestatutako bildots laurdena afaldu, mahaiondoko hizketaldi luzeak eduki, eta beraien lanak ikasten nituelarik. Bagualak deitzen dituzten behi eta zezen basatiak harrapatzen genituen, mantsotzen ziren arte. Arrantza egiten ere irakatsi zidaten, ondoren sua egin eta amorraina bere puntuan erre eta gustura dastatzeko. Ni beraien kulturan integratzen nintzen heinean, beraiek ere euskal kulturarekiko interesa erakusten zuten, ez baitzekiten beraien arbasoak ameriketara etorri zireneko istoriorik. Erlazio jator eta zintzoa sortu zen gure artean, eta pozik nengoen esperientzia hori bizi ahal izateaz. Egun batean, isil samar egoten zen atso zaharrenari beraien arbasoen inguruko ezer gogoratzen al zuen galdetu zioten gazteenek. Atsoak ez zuen ezer esaten, begi keinurik egin gabe zuzenean begietara begiratzen zidan bitartean. Nik ere ez nion begirada kendu, zerbait transmitzeko gogoa zuela ematen zuen atso hari, ahalik eta, halako batean aho txiki eta zimurtu horretatik beraien artean konexiorik ez zuten euskarazko hitzak jaurtitzen hasi zen arte. Bere senideak zur eta lur geratu ziren ulertzen ez zuten erretolika hori entzutean, atsoari zer gertatzen zitzaion ulertu ezinik.

Momentu horretan estratosferatik erori eta nire onera bueltatu zidan negar bulkada bat sentitu nuen. Instintiboki, negarra eten nuen. Harrituta geratu nintzen pentsamenduen intentsitateak nigan edukitako eraginaz konturatzean. Inguruaz abstraitzeko dudan erraztasunaren jakitun naiz, baina halako mailan inoiz pasa zaidanik ez dut gogoratzen. Segidan, egoeraren mozolokeria zela eta, nire buruaz barre egin nuen, gertatutakoari garrantzia kenduaz batera. Hala ere, gutxira konturatu nintzen ia negarra eragin zidan emozio hori zein azkar moztu nuen, nire barnean sentimendu horretaz lotsatu izan banintz bezala. Kontu honi bueltak ematen geratu nintzen, batik bat sentimendu hura anulatzearen zergatiari erantzuna bilatu nahian, amets eder hura eteteak izorratzen ninduela ere nire buruari onartuz.

Nolabait, negarra ekintza natural eta garrantzitsu bat da, eta ez beti tristurari lotutakoa. Pozak edo emozio positibo indartsu batek ere negarra eragin dezake. Alta, kasu guzti hauetan, negar egitea ez dago oso ondo ikusia, ahultasunarekin erlazionatzen dugunez (gizonezkootan batez ere). Hain dugu barneratua ideia hau, non negar egiteaz lotsatzen gara, nik esperientzia honetan igarri ahal izan nuen bezala. Inor aurrean izan gabe ere lotsatzeak zer pentsa eman dezake. Ez ditugu gure emozioak errespetatzen datozen bezala, eta gehiegitan hauek kontrolatzen saiatzen gara, hauek modu naturalean azaleratzen utzi eta berauek sortzearen zergatia ulertzen saiatu beharrean. Buelta gutxi batzuk eman ostean, gogortasuna, arrakasta edo poztasuna erakusten duten emozioak berriz ez ditugula hain gaizki ikusten konturatu nintzen. Alderantziz, askotan hauek potentziatu, puztu eta erakusgarri egiten saiatzen gara. Zer esanik ez gaur egun sare sozialetan beraien bizitza idilikoa dela saltzen saiatzen diren pertsonak aipatzen baditugu.

Argi dago denok ez dugula berdin jokatzen, eta pertsona batzuk beste batzuek baino emozioen kudeaketa egokiago bat egiten dutela. Sentimendu guztiek dute bere zergatia eta hortaz, errespetatu beharko lirateke. Hauetaz lotsatu beharrean, beraietaz gozatuz eta kalte batek eragindakoak balira, zergatia ulertzen saiatuz. Hauek izkutatzearekin ez dugu sustraieko arazoa ezabatuko. Ez dut uste negar egitea ahultasunaren erakusle denik. Emozio negatiboak izkutatzen eta hauek eragin dituzten arrazoiei aurre ez egiten saiatzea koldarragoa da, sentimenduak kanporatu eta duintasun osoz onartzea baino. Inoren aurrean bada ere. Hortaz, gaurkoan negarrari gorazarre egingo diot. Izan ere, poztasunez negar egitea gauza ederra da, eta tristuraren eraginez negar egiteak sekulako zama emozionala arintzen laguntzen du. Kendu ditzagun lotsak eta izan gaitezen harro norberaren negarraz.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Genero identitatea eta sexu orientazioa

Gaur goizeko ametsa