Genero identitatea eta sexu orientazioa

Aspaldian gai honi buelta mordoa eman diot nire buruan. Izan ere, onartu behar dut orain arte gai honi buruz ezer gutxi hausnartu nuela. Alde batetik, informazio eskasa jasota nengoelako, eta bestetik, duela gutxira arte gai honen inguruan interes berezirik piztu ez zitzaidalako. Gauzak horrela, urte gutxi batzuk izango dira gai honekiko sentsibilizatu, informazio ezberdina lortu eta guzti honen bueltan nire ideia propioa garatzen saiatu naizela. Orain azalduko dudan pentsamoldeaz nahiko konbentzituta banago ere, etorkizunean berau moldatzeko aukerak zabalak dira, gaiari buruz dudan ezjakintasunak oso haundia izaten jarraitzen baitu.

Gaia oso zabala eta konplexua dela onartzea litzateke lehen pausoa. Gainera, “normaltzat” hartu ohi ez diren beste genero identitate edo sexu orientazioa duten pertsonak hurbiletik ezagutzen ez ditugunok, zailtasun handiagoa dugu gai hau hobeki ulertu eta berataz hausnartzeko. Hala ere, lortu dudan ondorioak, gai guztia dezente sinplifikatzen duela esan dezaket. Gehiegi agian. Nire hausnarketaren ondorioa azaldu aurretik, bi gauza argi utzi nahiko nituzke: batetik, nire pentsamoldea, irakurri eta entzun dudan informazioa prozesatu ostean ateratako emaitza da. Hau da, ez da nire bizipenek emandako jakintzetatik sortutako ideia bat, nik ez baitut gai honen eragina sufritu; besteen iritzi edo bizipen ezberdinak aztertu ondoren ateratako ondorioa da, alegia. Bestalde, atal edo komentarioren batek desadostasun edo haserrea eragin balezake gai honetan aditua den edo bere larrutan bizi duen norbaitengan, espero dut ondorengo lerroak begirune eta umiltasunez idatziak izan direla ulertzea, baina baita ezjakintasun puntu batetik ere. Ondorio batera heldu naizela esatean, esan beharra dago pentsamolde hau ez dela behin betikoa, eta etengabeko eboluzio bat besterik ez dela, eta beti eskertuko dudala nire pentsakerarekiko iritzi kritiko bat, gauza berriak ikasi eta gaia hobeto ulertzen lagunduko didana.

Nire postura oso modu laburrean azaltzen saiatuko naiz. Alde batetik, genero identitateari buruz, aspalditik ezaguna izan zait transexual kontzeptua, nahiz eta ez den bat ere onartua izan gizarte honetan, oraindik ere mespretxu izugarria jasanez. Nik neuk onartu beharra daukat, heldutasunera iritsi arte (inoiz heldu banaiz) ez nituela transexualak oso begi onez ikusten, edo mesfidantzaz gutxienez, buruko trastorno moduko bat zuten pertsonak zirelakoan alegia. Horra hor guk jasotako hezkuntza; zeren eta nik kontzeptu hori nonbait garatu dut, eta ez ditut inondik inora nire etxekoak inoiz atzerakoi edo kontserbadoretzat jo. Gizarte osoan arnastu genezakeen ikuspegia nonbait. Azken urteetan ezagutu ditut ordea hainbat kontzeptu berri, izan queer, zis, hirugarren generoa, intersexualitatea eta abar. Bestalde, sexu orientazioa daukagu, non pertsona bat heterosexuala, homosexuala edo bisexuala izan daitekeen adibidez. Hortaz, pertsonok modu ezberdinetan etiketatuak izan gaitezke gure genero identitate eta orientazio sexualaren arabera, sekulako konbinazio pila edukiaz (kontuan hartu ez ditudala kontzeptu edo “etiketa” guztiak aipatu).

Hortaz, zergatik ez ditugu gure eguneroko bizitzan etiketak alde batera uzten eta kontzeptu hauek soilik genero identitatea eta orientazio sexual ezberdinak aztertzen dituen disziplinetan erabiltzen? Beste arlo batzuetan bezala, antropologikoki edo soziologikoki gure itxura eta portaera ulertzeko sortutako kontzeptu bezala ez ditut desegoki ikusten, baina egunerokoan ez dago inor modu batekoa edo bestekoa den katalogatu beharrik (norberak harrotasunez erreibindikatu ezean). Horrela, denok gara pertsonak eta denok (edo ia denok) maitatu dezakegu beste pertsona bat edo gehiago, eta modu ezberdinetan, gure eta beste pertsonaren “etiketak” inporta gabe. Garbi dago gutariko askok (nik barne), ezin dugula beste edozein pertsonarekin erlazio sexualak izan, itxura jakin bat edo hanka tartean guk espero duguna eduki ezean. Baina horrela da, kulturalki ikasitako (eta irakatsitako) zerbait delako, gizarteak transmititu diguna alegia. Izan ere, ziur nago beste gizarte batean, posible litzatekela pertsona bat bere izakeragatik soilik maitatu edo fisikoki erakarrita sentitu ezkero, erlazio sexualak edukitzeko oztoporik ez izatea, hanka tartean duena kontuan izan gabe. Baina horretarako, gure aurreiritzi eta fobia denak ezabatu beharko genituzke, eta zintzoak izanda, uste dut egitura mentala modu jakin batean garatu dugunok, ezinezko ez bada, oso konplikatua dugula gure buruan aldaketa hori kontzienteki ematea. Baina horrek ez du esan nahi hurrengo datozenak ezin ditugula beste modu batean hezi. Eta horretarako bai, gure egitura mentala aldatu ezin badugu ere, gure praktika eta ohitura asko aldatzen saiatu beharko ginateke, aurrerapausoak eman nahi baditugu behintzat. Izan ere, uste dut horretan datzala sozialki eta intelektualki eboluzionatzeak: arazo sozialak identifikatu, gure praktika eta ohiturak aldatzen saiatu, eta ondorengoei guk egin ditugun akatsak egin ez dezaten, modu egokiago batean hezi (gu eredugarri izanez, noski).

Horrela, nire mundu idealean, genero identitateari dagokionez, ez lirateke gizon edo emakumerik existituko, denok pertsonak soilik izango baiginateke. Gizon eta emakume kontzeptuak guk sortutakoak dira, eta hortaz, guk geuk ezereztu ditzakegu. Horrela balitz, ez litzateke gure gorputza den bezala (genero eta forma ikuspegitik) onartzeko arazorik izango, eta ez litzateke konfusiorik egongo gizon batek alua balu edo emakume batek zakila, izan ere alu edo zakildun pertsonak soilik izango ginateke. Beraz, pertsonak maitatzen ditugun pertsonak besterik ez ginateke izango. Arraza bakarra garela esaten duten ahots batzuk bezala, generoaren ikuspegia ezabatzea izan daiteke gakoa agian. Baina arraza bakarraren teoria mendebaldeko burutazioa izateak eduki dezakeen hipokrisia inplizituak bezala, aurkeztutako ideia hau gizon zis heterosexual batek azaltzea (nik, alegia) ez da egokiena izango akaso. Bi kontzeptu hauek epe luzerako helburu bezala kontsideratu beharko lirateke, epe motzera arrazakeria eta patriarkatuaren kontra borrokatu beharko litzatekeenez. Hala, arraza bakarra garela kontutan hartzeko arrazakeria suntsitu beharko litzatekeen moduan, generoak ezabatzeko derrigorrezkoa izan beharko litzateke lehenik eta behin patriarkatua suntsitzea.

Halaber, nire ondorioa nahiko sinplea bada ere, sinplista agian, badakit ez naizela inola ere lehena horrelako planteamendu bat egiten. Gehiegi kontrastatu gabeko ideia ere bada, eta kontraesanak ere izango ditu sakonki aztertu ezkero, baina behintzat, errespetuz eraikitako planteamendu bat dela deritzot, gaur egun eta orain arte gure gizartean askotan faltan botatzen den ezaugarria. Kontziente naiz ideia honek buru itxienetan sortu dezakeen erreakzioaz, eta horregatik uste dut arlo honetan bai beste askotan aurrera egin nahi bada, ezinbestekoa izango litzatekela datozen belaunaldiei gai honi buruz azalpen ugari eman beharrean, errespetua eta enpatia bezalako gaitasunak erakutsi eta transmititzea.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Negarraren garrantzia

Gaur goizeko ametsa