Immigrazio masiboaren aurka / immigratzeko eskubidearen alde
Harritzen nau ni neu eskuin muturrak adierazten dituen ondorio batzuekin ados egoteak. Immigrazio masiboa arazo bat dela esaten dutenean adibidez. Ondorio honetara heltzeko bideak arras ezberdinak dira halere. Arazo horri irtenbidea emateko proposamenetan ere ez gatoz bat. Eskerrak… Immigrazioaren kontua aspalditik izan da gizarteari arduratu arazi dion kontu bat. Hala ere, gure kaleak inoiz baino kanpotar gehiagok zapaltzen dituztela (bere garaian Espainiatik etorritakoak kontutan hartu gabe) eta eskuin sektoreen diskurtso gogorrak direla eta, gaur egun agian inoiz baino oihartzun handiagoa du. Esan bezala, eskuin muturrak lez, immigrazio masiboaren aurka nago. Hala ere, egiari zor, eskuin muturra ez dago immigrazioaren aurka, immigrante pobreen aurka baizik. Morroi hauek jende zaurgarria litekeenaren kontra azaltzen dira behin eta berriz, boteretsuen interesak defendatzeko betikoak azpiratzea sustatzeaz gain, jende apala beraien artean borrokatzen ipintzeak irabaziak ematen dizkielar...