Nazionalista unionistekin solasean
Euskaldun eta independentista denak, ziur aski espainol edota frantsesen batekin independentismoari buruzko eztabaidaren bat edo beste eduki izan du. Ikuspegi unionista duten eta gehienen kultura dominanteen parte direnek, arazoak izaten dituzte kultura gutxituen errealitateak ulertzen. Ildo honetan, frantses batekin azkenik izan berri dudan eztabaidan, bereziki sasoi honetan independentismoa alde batera utzi eta Europa batzearen garrantziaz hitz egiten zidan. Unionista batzuentzat beti omen da sasoi egokia independentzia grina alde batera uzteko; berekoitasun kontua balitz bezala. Morroi honek emandako argumetua ordea, Europak armada indartsu bat osatzeko sekula baino batuago egon beharko ginatekeela zen. Europa 70 bat herrialdetan banatu ote beharko litzatekeen galdetzen zidan. Eta nik “zergatik ez?” erantzun. Beraren ustez, Txina eta beste herrialde batzuk Europari gailentzen ari zaion honetan, armada potente bat beharko genuke, eta Europa hainbat herrialdetan zatitzeak ez omen liguke mesederik egingo. Hortaz, batasuna indar armatu potente bat edukitzearen interesera mugatzen dela dirudi. Giza eskubideak, bakea, demokrazia eta beste hainbat kontzeptu polit erabiltzeko joera duten pertsona hauek dira azken finean munduaren ikuspegi belizista bat dutenak. Nahi diren eufemismo eta hitz polit guztiak ez dira gai izango diskurtso horren barnean aurkitzen den azken helburua izkutatzeko. Europa eta bere seme psikopatek (AEB eta Israelek) munduko abusatzaile nagusia izateari uko egitea onargaitza litzatekela, alegia. Ezin omen dugu beste herrialde bati arlo horretan gure lekukoa hartzen utzi. Baina ez diegu morroi hauei esaldi hauek esaten entzungo. Gordinegia da beraien ahotik horrelakorik ateratzen uzteko. Norbere ideologia mugatzen duten barneko isuri zapaltzaileak identifikatu eta erausten saiatu beharrean, errazagoa eta erosoagoa da norbere ideiak politikoki onargarriak diren argumentuez janztea, kirats zanpatzailea perfumatuz. Zentzu batean edo bestean, gizaki guztiok dugu hau egiteko joera, erlazio botere ororen aurrean, inkontzienteki diskurtso hipokritak eratuz. Pertsona xume eta errespetagarriak diruditenak ere erori daitezke tranpa honetan, aurretik entzute eta hausnarketa prozesu sakon bat egin ezean. Pertsonon psikologia uste baino konplexuagoa da.
Frantses honekin edukitako eztabaidara bueltatuz, berrarmatzearen garrantziari buruz hitz egiten zidan behin eta berriz, mendebaldeko agintariek lez. Gu berrarmatzen bagara, besteek mehatxu bezala ulertu eta beraiek ere berrarmatzeari ekingo ziotela erantzun nion, eta ostean guk ere berriz berrarmatzeko beharra sentituko genuela, espiral batean eroriz. Norbaitek botoi gorria sakatu arte. Eta orduan zer? Nor joango da gudara? Zu? Zure semea? Nik ez dut gerrara joan edota gerra sufritu nahi, eta horretarako agian beste norabide bat hartu beharko genuke. Zer moduz, orain arte mendebaldeak eragin dituen kalte guztiak beregain hartu eta onartuko balitu? Kalte hauek pairatu dituzten herrialdeetako biztanleei barkamena eskatuko bagenieke? Eta honen ondoren behar bezalako erreparazio prozesu bat abian jarriko bagenu? Hegoamerikan estatu kolpe bat bestearen atzetik eman nahi duten oposizio elitistei babesa eskeini eta hauek finantzatu beharrean, herrialde hauetan eskua sartzeari uzten. Afrikako gobernu militar ustelekin negozioak egiteari utzi eta bertatik gure enpresa multinazional guztiak ateratzen. Kuba, Iran edo mendebaldeko interesei men egiten ez dieten herrialdeak bakean uzten. Berrarmatu beharrean, lankidetzarako eta elkar ulertzeko zubiak eraikitzen. Eta abar luze bat. Unionista zentralista hauetako askorentzat ordea, guzti hau ezinezko ideal bat besterik ez da. Erromantizismoz jantziriko utopia bat. Gizakiak batak bestearen aurka egiteko joera omen dauka; besteen gainetik jartzeko sena. Hori horrela izanik, zergatik batu behar gara gure aurka egiten eta gure gainetik jartzeko joera duzuen horiekin? Gure kultura zapaltzen duzuenokin? Etsai handiago baten aurka borrokatzeko batu beharreko etsaiak besterik ez gara teoria hori onartzen badugu. Aldiz, etsaitzat dituzten horiek baino kalte gehiago eragiten digute beraien aliatu izateko eskatzen ari zaizkigun hauek.
Nire aldetik, argi daukat zentralismoan oinarritu beharrean, bere buruaren jabe eta norberaren etorkizunaren gidari propio den herri kohesionatuak, eta norberaren kultura eta ingurumena babesten duenak, edonolako eraso baten aurrean indar eta kemen bateratu eta handiagoa erakutsiko lukeela. Baita inguruko kultura edo herriek gu errespetatzen bagaituzte, guk ere beraiek errespetatzeaz gain, beraiek arazo bat edukiz gero, hauek laguntzen saiatuko ginatekeela. Ideia multzo hau ez da ikuspegi erromantiko baten frutu, gizakion arteko harremanetan ikusi ditudan dinamikak gizarteen arteko logikara aplikatzea besterik.
Dena dela, eztabaida hauek gehienetan nahiko antzuak izaten dira, alde bakoitzeko pertsonak norbere buruaz nahiko ziur egoten baitira, bakoitzak bere posturak irmo mantenduz. Alta, norberaren trintxeratik argumentuak jaurtitzeaz nekatzean, eztabaidari amaiera eman nahi bazaio, hona hemen proposamen bat. Parean dugun unionista zentralistari zera helarazi: "indarraren izenean batasunaren alde bazaude, eta eraginkortasuna lortzeko asmoz zentralismoa babesten baduzu, hurrengo argudioarekin bat etorriko zarela suposatzen dut. Batu dezagun Europa bere osotasunean, hizkuntza bakarra ezarriz (esperantoa, adibidez) eta kokatu dezagun hiriburu administratiboa Europaren bihotzean, Pragan esaterako. Bertan hartuko dira erabaki guztiak, osasun eta hezkuntza sistema bakarra ezartzen dugun bitartean. Kultura bakoitzaren eskakizun berekoietaz ahaztu eta Pragan erabakitako neurri eta legeei men egin beharko genieke". Broma edo astakeriatzat joko dute ideia hau seguruenik. Noski, beraien pribilegio kulturalak kolokan jartzen dituen proposamen oro ez da oso erakargarria suertatzen. Postura kontrajarri horrek izen bat dauka ordea, moral bikoitza hain zuzen ere. Aldiz, parean daukagunak, broma sarkastiko hau aintzat hartu eta gustuko ideia bezala onartzen badu, argi! Inongo kulturaren parte sentitzen ez den alien baten parean geundeke agian. Enpatia falta soila duen pertsona batekin hizketan ari beharrean, mundua Risk moduko mahai joku bat dela ulertzen duen psikopata kutsu kezkagarria duen morroia izan daiteke akaso.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina