Noizko maitasun sailburua?
Harrigarria da gure gizarte moderno honetan zenbat jakintza bereganatu ditugun. Mikroskopiko diren bakterien ugalketak ulertzetik galaxia ezberdinetan dauden planeten egiturak ezagutzeraino. Munduko geopolitika aztertzeko gai izatetik, kotxe baten pieza ezberdinen funtzionamendua azaltzeraino. Ikasketek ahalbidetuta edo norberaren kabuz ikasteko dauden baliabideei esker lortu daitezkeen jakintzez horniturik, berbaldi arras interesgarri eta sakonak eduki ditzakegu; milaka kontuekiko adituak bagina lez. Gure barnean gertatzen diren emozioei edota gure arteko erlazioen ondorio diren kontu delikatu batzuei buruz hitz egiterako orduan ordea, mutu geratzen gara askotan. Biluztu eta norbere buruarekin edo ondokoarekin zintzoak izateko orduan arazo dezente izaten ditugu. Sarritan munduko edozein kulturatan bizi den pertsona ororen bizitzetan gertatzen diren kontu sinple amankomunei buruz hitz egitea gehiago kostatzen zaigu, sekulako konplexutasuna duten beste azaleko asuntu batzuri buruz solas...