Emakume eta gizonen arteko berdintasuna

Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren inguruan hitz egiten egon nintzen lagun batekin duela asko. Ordutik buruari buelta batzuk eman dizkiot asunto honi. Interesatzen zaidan gai honi buruz jantziago dagoen jendeak esandakoa entzutea gustatuko litzaidake, edo behintzat beroni buruzko interesa duen norbaitekin hitz egitea. Izan ere, umiltasun eta errespetuz hitz eginda, ez dago zertan aditua izan gai bati buruzko iritzia emateko. Berdintasunaren inguruan nire iritzi propioa sortzen ari naiz, irakurri, ikusi eta entzundakoak prozesatu ostean. Alor batzuetan aurrerapausuak eman direla bezain ziur nago beste asko emateke direla. Hala ere, kuriosoa zait urteak aurrera joan ahala berdintasunaren diskurtsoa nolabait distortsionatu dela igartzeak. Izan ere, gai jakin batzuetan berdintasunaren kontuarekin gizartea orokorrean nahastu samar dabilela esango nuke. Pare bat kontu aipatu nahiko nituzke, eta ziurrenik beste asko izango dira ildo honen norantza segitzen dutenak.

Alde batetik, itxura fisikoaren edo estetikaren kontua dago. Aspalditik emakumeek fisikoaz arduratu, ahalik eta lirainen azaldu eta momentu oro apainduta egoteko presioa jasaten dute. Itxura zaindu eta beti eder agertzeko presioa, alegia. Gizonezkoek, higienikoki minimo batzuk betetzearekin nahikoa zuten (ez beti sikiera), itxura larregi zaintzeko beharrik eduki gabe. Orain ordea, emakume batzuk feminismoak landutako kritikari esker presio horretatik liberatu badira ere (edo saiatu gutxienean), orokorrean emakumeak lehen baino gehiago “prestatzen” direla esan daiteke. Emakume figurak jasaten duen hipersexualitatearen eraginez akaso. Paraleloki, gizonezkook ere hasi gara itxura zaintzen eta lirain agertu nahian, arlo honetan “emakumeenganako berdintasuna” erakusten. Bizarra perfilatuta eta luzera egokian moztuta, ilea forma konkretuan edukitzeko sarri ileapaindegira joaten, arropa “egokiak” aukeratzen, gorputzeko atal ezberdinetarako azaleko kremak erabiliaz eta abar luze bat. Gizon zein emakume batzuk entzun ditut beraien buruarentzat apaintzen direla esanaz, edota parekoak ere apain ikustea nahiago dutela esanez. Eta ez dira aho kontserbadoreetatik ateratako komentarioak izan preseski. Hipokrisia puntu bat ikusten diot diskurtso honi, izan ere, uste dut norbera apaintzen denean, funtsean besteenganako mezu bat transmititzeko egiten dela, edo kanpora begira itxura konkretu bat proiektatzeko, besterik ez. Gaineratu nahiko nuke, ondokoa apainduta ikustea nahiago izate hori, kanpoko itxurari barneko izaerari baino garrantzia handiagoa ematearen erakusgarri dela. Hau ez litzateke inorentzat berria izan beharko, izan ere, itxurakeria ezaugarritzat daukan gizarte hau osatzen dugun pertsonok denbora gehiago pasatzen dugu estetika zaintzen gure barnea lantzen baino. Estetika deritzodanean, ez da soilik gure gorputzera mugatzen. Gure etxea nahi dugun bezala apaintzen, gure kotxe edo bizikleta gustukoa aukeratzen, txakur polit bat edukitzen, eta azkenik, gure bizitza ederra dela erakusten duten argazki selekzio egokia aukeratzen, ondoren ingurukoekin partekatzeko (edo ezagutzen ez ditugun lagun, jarraitzaile edo dena delakoekin). Esandako guzti honekin ez dut pertsonalki inor kritikatu nahi, osatzen dugun gizartearen gaitz bat azaleratzea baizik. Guzti honetaz jabetu izanagatik ere, ni neu ere ez naiz salbu gaitz hau pairatzeaz, modu batean edo bestean. Beste kasu askotan bezala gure idealekiko erabateko koherentzia erakusten ez dugulako norbere burua zigortu beharrean, gure heziketak barneratu dizkigun isuri ideologikoak dauzkagula konturatu beharko ginateke, gu geu ere saku berean sartuta gaudela onartuz. Feminismoaren alde gaudela esatean, guk ere isuri matxistak dauzkagula onartu beharra daukagun bezala. Are gehiago gizonezkoak bagara. Kontu honi amaiera emateko, gure gizartean itxurakeria alde batera utzi eta barneko kontuei (inteligentzia emozionala, interpertsonala, komunikatiboa eta abar) arreta jarri eta hauek gehiago lantzea nahi dugun galdetu beharko genioke geure buruari, eta horrela izatekotan, epe motzerako eta luzerako helburu batzuk finkatu. Emakumeak itxura eta estetika zaintzen gero eta gehiago arduratu eta gizonak arlo honetan emakumeen maila berdinean jartzeak kontsumo industriari mesede egiten dion bitartean, gure bizimodua etengabe moldatzen saiatzen den kapitalismoa pozik egongo da.

Bestalde, emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagokion kontu sotilago bat aipatu nahiko nuke. Sotilagoa eta korapilatsuagoa agian. Testu hau idaztera bultzatu nauen burujana. Aspalditik, emakumeak gizonezkoen maila berbera merezi dutela entzun da. Gizonezkoek iragan luzean eduki dituzten lanpostu eta kargu jakin batzuk emakumeek ere bete ditzaketela, alegia. Orain dela gutxi arte, ezinezkoa zen emakume bat estatu bateko presidente edo enpresa handietako goi karguetan ikustea. Kontua ez da soilik lanpostuetara mugatzen; emakumeak ere liderrak izan daitezkeela eta gizonezkoek bezainbesteko anbiziotsuak izan daitezkeela ere erakutsi nahi da. Liderrak edo krudelak? Anbiziotsuak edo zekenak? Aho biko ezpata ez ote den galdetzen diot nire buruari. Argi daukat emakumeek gizonezkook egin ditzakegun lan berberak egin ditzeketela, guk bezain ongi edo hobeto. Nire galdera zera da: emakumeak jarri behar al dira gure maila berberera, edo gu gara aurkitzen garen maila altuegi batetik jeitsi beharko ginatekeenak? Berdintasunaren aldekoa naiz, baina, zein berdintasun mota? Eskubide berdinak izatearen aldekoa naiz, baina eskubide eta pribilegioen arteko ezberdintasuna bereizten jakin beharko genuke. Emakume jakin batzuei gizonezkook eduki ditugun botere erlazioetako maila gorenera igotzen ahalbidetzen ari garen susmoa daukat. Emakume jakin batzuei. Gizonkoteen berezko jokaera anker, krudel eta soziopatak erakusten dituzten emakumeei. Eta argi, ez naiz enpresa txiki edo ertainetako lanpostuetaz ari (nahiz eta hauetan ere patroi berberak errepikatu ahal diren). Eta jakinaren gainean naiz gizatasuna erakutsi behar diren postu jakin batzuetan, emakumeak perfil egokiagoa eskeini ahal duela gizonezkook baino, aldez aurretik. Ez biologikoki prestatuago daudelako, sozialki garatuago daudelako baizik. Gizon sozial eta afektiboak badaudela ere jakin badakit ere, arlo honetan emakumeak garatuago daudela esan nahi dut, besterik ez. Gizonezko irakurleak ez dezatela uste gizon guztiak soziopatak direla uste dudanik, ezta gutxiago ere. Ezagun ditut beste emakume batzuk baino maitakorragoak eta abegikorragoak diren gizonezkoak, eskeini didaten konfiantza eta laguntasuna dela eta asko maite ditudanak. Orokorrean, kontu hauetan gizonok emakumeek baino gehiago ikasteko daukagula esan nahi dut. Hariari segiz, oraindik ere emakumeek orokorrean lanpostu prekarioagoak dituzte, lan berdinak egiteagatik gutxiago kobratzen segitzen dute, askotan jazarpenak ere jasanez. Hala ere, emakume jakin batzuk goi mailako postuetan kokatzen ari dira. Ez zait aldaketa nabarmena iruditzen berdintasunaren izenean. Gizonezkoak bezalakoak izan nahi duten edo gizonezkook erakusten ditugun jokaera jakin batzuk dituzten emakumeak soilik iritsiko dira goi mailako kargu hauetara. Ahal izanez gero, heterosexualak, zuriak, zisak, eta noski, eskuineko pentsakerarako joera dituztenak. Ez al ginateke gizonezkook sarritan ditugun jokaera mezpresagarri hauek kolokan jarri eta ezabatzen saiatu beharko? Argi dago genero rolak inposatzen dizkigun kontuak direla, baina hauek identifikatu eta gauza bakoitza bere lekuan jartzea litzateke kontua. Emakume jakin batzuk gizonkoteen klubera gobidatzeak ez du berdintasunaren izenean ezer asko lortuko. Hortaz, gai honetan gizonek “emakumeenganako berdintasuna” erakutsi beharrean, alderantzizko prozesua ematen dela esan daiteke, baina soilik kasu batzuetan. Berriz ere, interes jakin batzuei erantzuten dieten trikimainak dirudite.

Biolentziaren arloan ordea, zein berdintasun mota nahiko luke patriarkatuak edota kapitalismoak? Gizonok emakumeenganako (edo LGBT kolektiboko inorekiko) berdintasuna erakutsi beharko genuke, beraienganako apenas hondarrezko biolentzia erakutsiz? Agintaritza eta gizonkoteen aldetik ez dut honelako iniziatiba saiakerarik entzun, ezta entzungo ere. Edota emakumea gizonaren maila berdinean jarri beharko litzateke zentzu honetan? Emakumeek (edo demagun LGBT kolektiboko inork) gizonenganako mehatxu, jazarpen, bortxaketa, hilketa edo dena delako biolentzia gaur egun gizonek emakumeekiko eragindako maila berean gauzatu ezkero, ziur nago ekintza hauek terrorismotzat hartuko liratekela. Hau da gure gizarte aurreratuan daukagun hipokrisia maila. Moral bikoitzarekin batera, mendebaldeko gizarteen ezaugarri esanguratsuenetako bat, bide batez esanda.

Berdintasunaren kontu honetaz hitz egiterakoan, espero dut nire isuri patriarkalak prestatutako tranpa batean erori ez izana, batzuetan norbera konturatu gabe ere gertatu ahal daitekeen bezala. Hasieran esan dudan bezala, ni baino jantziago dagoen jendearekin gustura hitz egingo nuke gai honi buruz. Hala ere, ziur nago gizarte osoago bat sortzeko ez daukagula azaleko erreformetan zentratu beharrik eta arazoaren muinera salto egin beharko genukeela. Botere erlazio oro deuseztatzeko jokaera desegokiak identifikatu eta erauztea ezinbestekoa da. Edozein pertsonok eduki beharko genituzkeen ezaugarri edo jarrera osasuntsuak eta toxikoak zeintzuk diren identifikatu beharko genituzke. Denok berdinak izaten saiatu gabe. Garena garela, eta garen modukoak izanda, errespetua zapalkuntzari gailendu beharko litzaioke. Horretarako, gizarte maitakorrago eta abegikorrago bat sortu beharko genuke, non goi mailako hainbat kargu ez lirateke existitu behar sikiera. Besteon gainetik jartzeko joerak naturalki erakusten baditugu eta gutariko askok nahi izan gabe praktikan jartzen baditugu ere, inplizituki erlazio botere rola daukaten karguak zuzenean ezabatu beharko lirateke. Zoritxarrez, horretarako politika sistema osoa erauzi beharko litzateke, eta hau ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Alabaina, epe oso luzerako helburu bezala ez dago gaizki. Ortzi mugan bistara edukitzeko ikuspegi ederra iruditzen zait, bidean beste zeregin batzuk egiteke daudelarik.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Negarraren garrantzia

Genero identitatea eta sexu orientazioa

Gaur goizeko ametsa