Gazte eta helduen arteko talka

Askotan esaten da gaur egungo gazteriak ez daukala ezerekiko kontzientziarik. Baita gaurko gazteak nahiko arduragabeak direla ere. Beste aho batzuek ordea, ideia eta komentario hauek belaunaldi guztietan eman direla diote, beti ere gazteak gutxietsiz. Denbora pasa da ere, nerabe asko emozional eta psikologikoki dezente sufritzen omen ari direla irakurri nuela, munduan eta beraien inguruan ematen diren injustizia eta ezbeharrak direla medio. Ardura eta sentsibilitatea duten seinale. Gaur egungo gazteak mobilizatzen ez direla esaten duenik ere badago; gazte munduarekin erlazioa galduta duenak esaten du normalean, izan ere, gazte jendeak antolatutako ekimen ugari daude, arlo askotan. Gizartea orokorrean erosoago bizi garela eta konformistagoak garela esan daiteke, ez bereziki gazteak baina. Gehitu nahiko nuke, gazteek askotan itxura arduragabeak erakusten badituzte, agian helduok moldeatutako errealitateaz nazkatuta daudelako izan daitekeela. Hauetako asko ez direla gure munduaren parte sentitzen, ez ditugulako gure munduaren parte izaten uzten hain zuzen ere. Guk esandakoa guk esandako moduan betetzea beste irtenbiderik ez dute, eta hein batean ulertzekoa bada ere, larregitan eta modu zorrotzegian gertatzen ez ote den galdetzen diot nire buruari. Zuzen jokatzea eskatzen edo agintzen diegu, gu geu eredugarri izan beharrean. Bestalde, jarrera indibidualistak denon partetik ematen dira, honetan ere ezin gazteak soilik erruduntzat jo. Eta erakusten omen dituzten jarrera desatsegin edo desegokiak nagusiongandik ikasiko zituzten beharbada. Kasu askotan, jokabide “desegoki” hauek, barruan dauzkaten gabezi edo behar emozionalak kanporatzeko moduak besterik ez dira izaten. Guzti hau esanda, ez dut helduak gaiztoak edo zekenak garenik esan nahi. Ume eta nerabeak ulertzeko borondatea sarritan galtzen dugula eta beraien ongizateaz gehiago arduratu beharko ginatekeela baizik. Hala ere, ezin dut aipatu gabe utzi, guzti honekin ados egoteko (hein batean besterik ez bada ere), pertsonok jasotzen ditugun estimuluen arabera garatzen garela ulertu behar dela, jaio aurretik joera biologiko batzuk mugatzen bagaituzte ere. Hau da, jaiotzean gure izakera erabat ezarrita datorrela sinisten duena, ziurrenik ez da hemen aurkeztutakoarekin oso ados azalduko.

Ume eta nerabeak heztea ez da gauza erraza izango, baina uste dut ez zaizkiela behar duten kalitatezko denbora eta arreta eskaintzen. Eta argi, ez naiz beraien gainean egotekoaren aldekoa. Etxean, gurasoek familiaren bizitza aurrera ateratzeko lan egin beharrak eta bestelako ardurek utzitako denbora urriarekin, nahikoa lan egiten dute seme alabak hezten. Ez dago inolako laguntzarik guraso direnek denbora gehiago eduki dezaten beraien umeekin egoteko, izan ere, denek ez daukate lanaldia murrizteko aukera. Askotan ekonomikoki ezinezkoa zaielako, eta bestetan lantokiek ere ez dutelako erraztasunik ematen. Horrela, askotan umeek behar duten arreta asetzea ezinezkoa bihurtzen da, gurasoen borondatea hobeena izanda ere. Guraso direnei lanaldi murrizketa eskeini beharko litzaieke, bizitzeko denok eduki beharko genukeen diru sarrera duin bat bermatuaz batera.

Hezkuntza sisteman ere argi eta garbi ikusten da, obedientzia eta disziplina erakusten duena saritzen dela, ematen diren materiekiko interesa erakusten ez dutenak edo erritmoa jarraitzeko zailtasunak dituztenak zigortuz. Kurrikulumak ezartzen duen materia eta erritmoa segitzea ezinbestekoa da, umeak hazten doazen heinean zorroztasun handiagoz gainera. Horrela, atzean geratzen joaten dena gutxiesten da, egoera horrek gazteetan sor dezakeen autoestimu arazo eta norberaren perzepzio negatiboak sustatuz. Lanbide heziketako irakasle bezala, askotan igarri dut erdi mailako ikasleen aldetik beraien buruarekiko daukaten perzepzio eskasa. Beraien ahotik entzun dut ez dutela pentsatzeko balio, tonto samarrak direla eta antzerakoak. Harrigarria da umeak berezkoa duen kuriositatea nola desagertu daitekeen edo desagerrarazi dezakegun, agian ez dugulako interesa duten kontuetan ardurarik jartzen eta interesatzen ez zaizkien gaiak zorrozki ikasarazten dizkiegulako.

Hortaz, ume asko nazkatu egiten dela esango nuke, beraien bizitzan zehar edukitako asebetetze eskakizunak artatzen ez direlako eta azken finean baztertuak sentitzen direlako. Hausnarketa sakon bat egiteaz gain, gai honi buruz jakintzak dituenarekin gustura asko hitz egingo nuke, jokaera eta egoera ezberdinak hein batean ulertzeak irakasle bezala gazteekin hobeto jokatzeko gakoak eman ahal baitizkigu. Lanbide heziketako irakasleon gaur egungo gakoetako bat, irakasketa teknikoaz gain ikasleen aspektu emozionalei arreta jartzea dela esango nuke, irakasle batzuk ideia honekin ados ez badaude ere. Horrela, aurretiko lana ere garrantzitsua izanik, uste dut gaur egungo hezkuntza eredua aldatzea beharrezkoa litzatekela, umeak txikitatik hobeto artatu eta euren beharrei ganorazko erantzun bat emateko. Azkenik, aurretik aipatu bezala, gizartearen aspektu sozioekonomikoak asetzea ezinbestekoa litzateke, hau egin ezean, gazteen ongizatea hezkuntza sistemaren bitartez soilik bermatzea partxe bat besterik ez bailitzateke izango.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Negarraren garrantzia

Genero identitatea eta sexu orientazioa

Gaur goizeko ametsa