Klima aldaketa
Aspalditik airean dagoen kontua da hau. Zenbat belaunaldi pasa behar ote dira “erantzunaren” zain? Azken finean, zentzua al du eztabaida honek? Lehenik eta behin, eztabaida honek zertan datzan azalduko dut, zehaztasunetan sartu gabe.
Alde batetik, azken mendean (edo mendeetan) lurrak beroketa orokor bat jasan ote duen da galderetako bat. Galdera honi dagokionez, adostasun handia dagoela esan daiteke, izan ere, erantzunak nahiko objektiboa dirudi. Neurketek emandako datuei begiratu besterik ez legoke. Hala ere, datuen fidagarritasuna aro ezberdinen arabera aldakorra dela kontsidera daiteke. Izan ere, orain dela mende batzuk, neurketarik ez zen hartzen, edota ezagutzen diren datuak ez omen dira oso fidagarriak. Orain dela mende erdi inguru, nahiz eta erabiltzen ziren gailuak fidagarritzat eman, oso puntu gutxitan hartzen ziren neurketak, eta hamarkadak aurrera joan ahala, neurketa puntuak biderkatzen joan dira. Azken hamarkadetan ordea, sistema moderno eta zehatzez baliatzeaz gain, mundu osoan zehar eta geruza ezberdinetan hartutako neurketak jasotzen dira. Beraz, orain dela mende batzuetatik hona, datuen zehaztasunaz gain, kokapen ugari eta ezberdinek ematen duten fidagarritasunean ere irabazi dugu asunto honetan. Beste erakusle batzuk ere badira, nahiz eta datu objektiboak izatetik urrun egon adierazle esanguratsuak kontsideratu direnak; glaziarren atzerapenak edota artikoko izotz plaka gero eta murritzagoak esate baterako. Guzti hau kontutan hartuaz, eta aurrez aipatu diren garai ezberdinetan izan diren eragozpenak direla ere, tenperatura igoera eman delako adostasun nahiko orokorra omen dago.
Beste galdera da, beroketa hau gizakiak eragin ote duen edota naturalki gertatzen ari den prozesu bat den. Honi dagokionez, eztabaida konplexuagoa da. Edozein ikerketa aurrera eramateko kontuan hartu beharreko aldagai egokien aukeraketa eta emaitzak interpretatzeko kriterio aproposa erabiltzearen konplexutasunaz haratago, aipatutako ikerketa hauek nork finantzatzen dituen ere kontutan hartu beharra dago. Izan ere, zoritxarrez, asunto honen barruan interesak daudela ez da berria. Beraz, tentuz ibiltzeko gaia dirudi. Batzuek, lurrak azken mendean jasan duen tenperatura igoeraren errua, industrializazioari egozten diote. Hauek diotenez, badaude adierazle ugari ondorio hau egiatzat emateko. Alde batetik, industrializazio garaia hasi zenetik isuri den poluzio kopuruaren eta lurraren tenperatura igoeraren arteko grafika aztertu, eta bi funtzioek osatzen duten marra parekoa dela ikusi daiteke. Bi aldagai hauen arteko erlazioa ikusita, zentzuzko argudioa dela dirudi, baina kontra egiten dion argudioak, aurretik aipatutako aintzinako datuen fidagarritasun ezak erlazio zuzen hori funtsik gabekoa dela sostengatzen du, eta honek ere badauka bere logika. Beste ikerketa batzuen arabera, tenperatura bi gradu Celsius igo ezkero, sekulako hondamendia gertatuko litzateke, eta egoera horretara zenbat urtetan heldu genezakeen ere bistaratzen dute beste batzuek. Noski, ikerketa hau gezurtatzen duen kontra argudiorik ere bada. Azken kasu hauetan, aldeko eta kontrako argudioen sendotasuna zalantzan jarriko nuke, datuak ez baitira hain fidagarri edo objektiboak. Eta horrela pasa genezake egun guztia alde bateko eta besteko argudioak aztertuz, argi geratuko zaigun gauza bakarra, sekulako buruko mina sortu dezakeen gaia dela izanik.
Matraka guzti hau alde batera utzita, eta testu honen lehen lerroetan egindako bigarren galderari so eginez (zentzua al du eztabaida honek?), eztabaida honen nire ustezko zentzugabekeriaren zergatiaren azalpena emango dut segidan. Alde batetik, eztabaida hau noraino luzatu daitekeen galdetzen diot nire buruari, erantzun konkreturik eduki ezean, ezelako neurri zehatzik hartuko ez den bitartean. Beste alde batetik, erantzun bat lortzekotan, bi aukerak zeintzuk izango liratekeen imajina dezaket: erantzuna baiezkoa izatekotan, hau da, klima aldaketa gizakiak industrializazio masiboaren ondorioz sortutako kaltea balitz, zer? Ba, gutxiago kutsatu beharko genukeela ondoriozta genezake. Baina zenbat gutxiago? Horra hurrengo eztabaida. Eta aurrekoak luzerako eman badu (ez bait da oraindik bukatu), imajina dezakegu honek ere ez duela gutxiagorako emango. Erantzuna ezezkoa balitz ordea, hau da, lurraren beroketa orokor hau prozesu natural bat dela eta gizakiak klima aldaketan eragin eskasa duela baieztatuz gero, zer? Orain arte bezala kutsatzen jarrai al dezakegu? Edo gehiago agian? Ez al du garrantzirik ingurugiroa kutsatzea gure osasunerako kaltegarria dela izateak? Azken galdera honek beste galdera batzuetara narama: ingurugiroa kutsatzea guretzako kaltegarria bada, zergatik behar dugu klima aldaketaren aitzakia kutsatze maila jaisteko? Akaso gure bizitzaren kalitateagatik beharrean, planeta bera salbatzeko al da beharrezkoa gutxiago kutsatzea? Planetarentzako mehatxu bat garela uste badugu, gure harropuzkeriaren edo inozotasunaren adierazgarri izango litzatekeen galdetzen diot nire buruari; bi ezaugarri hauen arteko fusio arriskutsuaren emaitza agian… izan ere, planeta bere lekuan izan da milaka miloi urtetan, eta denbora guzti horretan sekulako hondamendiak jasan izan ditu, tartean hemen jarraitzen duelarik. Beraz, apaltasuna eta zentzu pixka bat erakutsiko bagenu, onartu beharko genuke planeta honetako bizidun guztiekin batera, guk geuk jasaten eta jasango ditugula geure gehiegikerien ondorioak, masa soil bat den planeta honek beharrean.
Hau esanda, nire ustetan geure buruari egin beharko geniokeen galdera hauxe izan beharko litzateke: gutxiago kutsatzea posible al da? Erantzuna nahiko garbia delakoan nago. Lehen planteatu dudan bezala, klima aldaketa gizakiak eragindakoa izan ala ez, uste dut zentzu pixka bat duen gizaki oro ados egongo litzatekela kutsadurak gizakiari eragiten dion kalteaz. Beraz, kutsadura gutxiagok kalte gutxiago. Gizakiarentzako behar beharrezkoak diren gauzak produzitzeko kutsatu beharra badago, ba zer erremedio. Orain, zeintzuk dira beharrezko gauzak? Hau izan liteke bigarren galdera bat, eta seguruenik eztabaida asko eragingo lukeena, baina nire ustez klima aldaketari dagokion galderak baino zentzu gehiago duena.
Gaur egun gizakiak sortzen duen kutsadura, hein handienean produkzio masiboak eragindakoa da. Produkzioa kontsumitu beharrak sortzen du eta alderantziz, batak besteak gabe zentzu gutxi baitu. Produkzio eta kontsumoak sortzen dituzten kalteak ikuspuntu ezberdinetatik ikus daitezke. Alde batetik, airearen, uraren eta lurren kontaminazioa ukaezina da. Airea arnasten dugula, ura edaten dugula, eta lurretik hazten diren produktuez elikatzen garela kontuan izanda, zentzuzkoa litzateke guzti hauek zaintzen saiatzea. Bigarrenik, kontsumo maila (eta ondorioz produkzio maila) munduan aurkitzen diren baliabideei eta hauen berritzeko gaitasunari lotuta egon beharko litzatekela esango nuke. Hain bogan izan den garapen jasangarriak edo baliabideetan oinarritutako ekonomiak iradokitzen duten ildoan, alegia. Hala ere, ekonomia indartzeko, kontsumoa beharrezkoa dela entzuten dugu eta horretarako produzitu egin behar da. Pentsatzen jarriaz gero, kuriosoa da gaur egun ekonomia hitzak merkatu mailan duen esanahia. Kotxe bat, garbigailu bat edo beste edozein makina ekonomikoa dela esatean, eraginkorra dela esan nahi du, hau da, bere betebeharra kunplitzeko beharrezkoa dena besterik kontsumitzen ez duela. Asteko erosketa egitean ekonomizatu egin behar dugula esatean, beharrezkoak diren produktuak besterik erosiko ez ditugula adierazi nahi dugu. Aldiz, merkatu globalaren ekonomia kontsumoan dago oinarrituta, kontsumoa gero eta handiagoa izanda, ekonomiarentzako hobea delarik. Kontsumoari buruzko dokumental bat ikusi arte sekula ez nintzen erlazio honetaz ohartu, eta benetan kuriosoa egin zitzaidan hitz berberak eduki dezakeen kontzeptu guztiz alderantzizko eta zentzugabe hau.
Produkzioak eta kontsumoak ingurugiroan eragiten duten kutsaduraz gain, gure bizimoduan eragiten dituen kalte batzuk ere begi bistakoak dira. Itxuraz, ekonomia indartzeko kontsumitu egin behar denez, produzitu egin behar da, eta aipatu bezala, zer produzitzeak ez du garrantzi handirik, jendeak kontsumitzen jarraitzen duen bitartean. Horrela, benetan beharrezkoak ez diren milaka gauza produzitu eta kontsumitzen ditugu. Produzitzeko lan egin behar dugunez, denbora zati bat alferrikako produktuak ekoizten galtzen dugula esan daiteke. Denbora hau gure bizitzako arlo ezberdinetarako erabili ahal izango genuke, adibidez: gertukoekin egoteko, gure sormena lantzeko, seme-alabak zaindu eta hezteko, etab. Azkenik, kontsumismoak pertsonengan eragiten duen antsietatea ere kontutan hartzekoa da. Itxuraz poztasuna emango diguten produktu guzti hauen menpe bizi gara, askotan oinarrizko beharren faltan bagara ere. Pixka bat pentsatzen jarrita, ekonomia kontsumituz indartzen dela esaten duten horiek izango al dira gure esfortzuarekin lortutako dirua xahutzen dugunean aberasten direnak? Posible da nire “berezko” eszeptizismoak eragindako erlazio bat besterik ez egin izana, baina herrialde gehienetako ondasunen banaketen ezberdintasun maila ezagutuz, lotura zentzuduna kontsidera daiteke. Agian, horrelako informazioa ezagutzeak bultzatzen du pertsona bat eszeptiko izatera, eta ez alderantziz.
Gauzak horrela, klima aldaketaren inguruan hainbeste eztabaidatu beharrean, agian sistema produktiboaren aldaketara bideratu beharko genuke eztabaida. Gaur egungo merkatuen beharrez baino pertsonen beharrez hitz egin beharko genuke, eta ingurugiroa gure hobe beharrez zaintzeaz. Guzti honetaz eztabaidatu, ondorio garbiak atera eta pertsonen benetako beharrak asetzen dituzten neurriak aplikatuko bagenitu, klima aldaketaren eztabaida beste angelu batetik aztertuko litzateke. Klima aldaketaren aurrean nola egokitu beharko ginatekeen izango litzateke kontua, ordurako kutsadura maila murriztea pertsonon aldeko ekintzen inguruko eztabaida barruan egongo litzateke eta.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina