Musulmanekiko gure postura

Deigarri egiten zait azken urteetan gure gizarteak musulman munduarekiko erakusten duen postura. Gure baino atzeratuagoak direla, ezin daitekela beraiengan konfidatu, eta honelako esanbehar asko entzun izan ditut han eta hemen. Ekialde hurbilean gertatzen diren ezbeharrei buruz informazio prozesatu ugari jasotzen dugu. Sufritzen duten askatasun falta, emakumeak jasaten duen jazarpen zorrotza, erlijioak gizartean eragindako presioa, herrialde gehienetan diktadura latzak,… akaso noizbait, berri polit edo atseginen bat jasotzen al dugu munduko alderdi horietatik datorrena? Beraien bizitza sufrimentu bat besterik ez al da? Nire ustez, komunikabideek lan oso eskasa betetzen dute, beraien asmoa ongi informatzea bada behintzat. Lehenik eta behin, herrialde musulmanekiko daukagun ezjakintasuna izugarria dela onartu beharko genuke. Eta bigarrenik, ezer kritikatu aurretik, geure historia eta oraina aztertzea ere ez litzateke soberan egongo.

Herrialde musulmanekiko dugun ezjakintasuna onartzen hasteko, komunikabideek transmititzen digutena besterik ez dugula ezagutzen onartu beharko genuke. Gutariko gutxi izan da gehiengo musulmana duten herrialdeetan, eta bertan izandakoan apenas murgildu gara haien kulturan; gutxitan ezagutu dugu han bizi direnen errealitatea. Hemen bizi diren musulmanekiko harremanak ere oso urriak dira bertan bizi garenon partetik. Alde batetik, komunikabideek gizarte musulmanekiko informazioa ematerako orduan duten errespontsabilitate handiari erreparatu beharko liekete. Beste aldetik guk, inor epaitu aurretik, beharrezko informazioaren jabe garela ziurtatu beharko genuke, eta horretan lan handia dugula esango nuke. Islameko adar guztiak edo herrialde musulman guztiak saku berean sartu ezin diren bezala, musulmanak diren pertsona guztiak ezin dira berdinak direla kontsideratu.

Bestalde, gure historiaren hausnarketa bat egitearen ildoan, galdera batzuk planteatuko ditut: noiz utzi zuen “arraza txuriak” beste arraza ezberdinen esklabutzaren erabilera? Noiz eman ahal izan zuten botua beltz edo emakumeek? Noiz izan zen inkisizioko azken ekintza? Noiz arte izan zuen elizak mendebaldeko estatu ezberdinetan boterea? Eta noiz amaitu ziren azken diktadurak herrialde hauetan? Zenbat emakume erahiltzen dira gaur egun europan gizonen eskuetan? Eta zenbat bortxatu? Eta meatxupean bizi? Gure arbasoek ez al zuten emigratzeko beharra inoiz eduki?

Ez dago galdera hauei erantzuteko beharrik, soilik kontuan hartzea baizik. Agian, gure dohaiak eta aurrera pausuak goraipatu eta besteen defektu eta akatsak kritikatu beharrean, guztion dohai eta gabeziak ikusteko gai izan beharko ginateke. Apalagoak izaten ikasi eta guk geuk ere hobetzeko aspektu ugari ditugula onartu beharko genuke. Eta ondokoak, bizi daitezela nahi duten bezala. Ez daukagu besteen bizimodua kritikatzeko beharrik, horrek ez baitigu guri mesederik egiten, ezta beraiei ere. Besteen kontuak kritikatzeko joera hori, norberaren gabezia eta miseriak estaltzeko erabiltzen delakoan nago.

Musulmanek mendebaldean egin duten biolentziazko ekintzek arduratzen bagaituzte, agian gure buruari galdetu beharko genioke zein arrazoik bultzatu dituzten horrelako gauzak egitera. Akats potoloa litzateke ekintza horiek erokeri edo fundamentalismoak soilik bultzatutakoak izan direla pentsatzeak. Mendebaldeko estatuek historia modernoan munduan zehar eragin duten miseria eta azpijokoek ez al dute ba zerikusirik izango? Eta guk ez al dugu zerikusirik izango estatu hauekin? Modu zuzenean edo zeharka, ia mendebaldeko herritar gehienok (denok esatea agian larregi litzateke), maila handiago edo txikiago batean hartzen dugu parte “hirugarren mundua” osatzen duten herrialde batzuk esplotatzen eta txikitzen. Eta beraien herrialdeetatik alde egin beharra badute ere, hemen ez ditugu nahi, gure ongizatea arriskuan jarri dezaketelakoan. Hori bai, lan prekarioak egiten dituzten bitartean ez dute molestatzen.

Gure arbasoen historia ahazteaz gain, ez gara gaur egungo egoera modu global batean ikusteko gai, eta are gehiago, soilik nahi duguna ikusteko gai besterik ez garela ematen du. Ia noiz ikasten dugun gure buruari besteei eskatzen dieguna bezain beste exijitzen. Hipokrisia (europarron ezaugarri bereizgarria) alde batera utzi eta koherentzia zein kontzientzia lantzen hasi beharko genuke, ahal bada lehenbailehen. Gure eta beste gizarteek aski eskertuko lukete eman daitekeen aldaketa, pausuz pausu eta epe luzera baldin bada ere.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Negarraren garrantzia

Genero identitatea eta sexu orientazioa

Gaur goizeko ametsa