Txakurrak eta jabeak
Askotan entzun izan dut demokrazia batetan bizi garela. Diktadura garaia bizi izan duen askok, zalantza gabe baiezta dezake gaur egungoa demokrazia bat dela, ezin bait daiteke gaur bizi duguna diktadura batekin alderatu. Beraz, itxuraz askorentzat diktadura ez den edozer, demokrazia bat litzateke. Bestalde, diktadura ezagutu ez dugun gehienok ere, ez dugu zalantzan jartzen sistema demokratiko batean bizi garenik.
Aldez aurretik, ez da nire asmoa sistema hau demokratikoa den ala ez aztertzea. Horretarako, lehenik eta behin, demokrazia bat zer den zehaztu beharko litzateke, eta nahiz eta askok agerikotzat eman, demokraziaren definizio zehatz bat ematea hain erraza ez dela iruditzen zait. Beraz, sistema hau justua den edo ez galdetzea egokiagoa litzateke nire ustez. Sistema justu batean, gizaki guztien askatasuna eta berdintasuna premiazko baldintza bezala kontsideratuak beharko lirateke. Hauek bete ezean, nekez hitz egin ahalko genuke sistema politiko eta sozial justu batez. Eta pentsatuz jarriz gero, arlo askotan askatasun eta berdintasun faltak agerikoak direla ziurtatu genezakela iruditzen zait. Emakumeek pairatzen duten era askotako diskriminazioa, aberats eta pobreen arteko arrakala sozioekonomiko nabarmena, kultura minoritarioek jasaten duten jazarpena, edozein arrazoigatik ezberdinak diren pertsonek pairatzen duten bazterketa, etab. Beraz, hau guztia eta gehiago bizi dugula jakinda, zergatik ez gara sistema honen aurrean kritiko izateko gai?
Txakurtegi baldar batean jaio eta hazitako txakurraren kasuan (jateko apenas edukitzeaz gain, kopuru handian jaso izan dituen gauza bakarrak jipoiak izan direnean), txakurtegitik irten eta etxe batean jabe berriarekin bizitzera pasatzeak libre dagoen sentsazioa emango dio. Etxe batean hazi izan den txakurrak ere, bere jabearekiko errespetua erakutsiko du, bera baita jaten ematen diona, eta bera gabe ez baita bere kabuz bizitzeko gai sentitzen. Bestalde, noizean behin jasotzen dituen astinduak merezitakoak direla sinetsiko du, izan ere, ez baitu jabearen esanak bete. Eta kexu azaltzen bada, txakurtegian izandako txakurrak zera esango dio: “hago isilik, hik ez bait dakik zer den egurra jasotzea. Orain ondo bizi gaituk txo, jabeak esaten duena betetzea besterik ez daukak, eta jatekoa izango duk. Ondo portatzen bahaiz seguraski denbora gehiagoan aterako hau kalera ere. Ez hadi ergela izan, ez pentsatu hainbeste eta egintzak esandakoa”. Txakur hauek ez dakite zer den askatasuna, nahiz eta momentu jakin batzuetan, askatasun eza batek baino gehiagok bistaratu.
Jabea izango duen inor ez da sekula aske izango, eta zoritxarrez gaur egun, mendeetan zehar bezala, jabeak edukitzen segitzen dugu. Sistema politikoak duen izena dena delakoa izanda, boterean dagoen jendeak beti izango du bere azpian daudenak kontrolpean izateko beharra, beraien boterea mantendu nahi badute behintzat. Eta horrela, erdi aroan elizak jainkoaren izenean jendea kontrolatzen zuen bezala, gaur egun mendebaldeko gobernuek gauza berbera egiten dute demokraziaren izenean.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina