Abilitate sozialak
Pertsona batek abilitate sozialak dituela esaten dugunean, sarritan beste pertsonen aurrean hitz egiteko edo hauekin modu batean edo bestean erlazionatzeko erraztasunari buruz ari gara berbetan. Ontzat emango nuke esan beharrekoa lotsa gabe azaltzeko eta transmititzeko gaitasuna abilitate sozialen parte direla. Baita esan beharrekoa modu atsegin eta adeikor batean egiteko gai izatea ere. Aldiz, asko hitz egiten eta besteen aurrean harrotasunez aritzeko joera duten pertsonak ere sozializatzen onak direla esaten ohi da, esandakoak hitz hutsalak izanda ere. Azken kasu honekin ez nago oso ados ordea. Izan ere, gaitasun sozialetaz hitz egiten dugunean, gizartean (“sozietatean”) beharrezkoak diren gaitasunak direla sinetsi beharko genuke. Gizarte egoki bat osatzeko pertsonek erakusten dituzten gaitasun edo ezaugarriak, alegia. Batzuetan marra fin batek soilik banatzen baditu ere, lotsa falta eta handikeria gauza ezberdinak direla esango nuke, autoestima eta harropuzkeria ezberdinak kontsideratzen ditudan lez.
Adibide sinple batzuekin ulertzeko, badago jende isil eta lotsati asko, jendetzaren aurrean hitz egiteko zailtasunak edukita ere, askotan laguntzeko prest dagoena, edo entzuteko prest, baina hauek ez dira gehiengoaren begietan sozialak kotsideratuko. Berekoia den pertsona batek berriz, jendearen aurrean konfiantza osoz eta irrifarre txiki batekin bada ere, hitz jario ederra botatzeko gai bada, eta konbertsazio edo eztabaida denetan sartzeko joera erakusten badu, orduan abilitate sozialak dituela kontsideratuko da.
Kontua da sarriegi azaleko kontuekin geratzen garela eta ez daukagula ondokoa sakonki ezagutzeko asmorik erakusten. Astunegia egiten zaigu pertsonak ezagutu eta beraien osotasunean baloratzea. Horrela, gehiegitan azaleko erlazioak mantentzen ditugu. Kontziente naiz hiri edo herri handietan ezin ditugula inguruko ezagun denak sakonki ezagutu, eta azaleko konbertsazioak beharrezkoak direla bizitza arinago bat eraman nahi badugu. Azaleko erlazioak mantentzeko daukagun joerari buruz ari naiz ordea.
Ni neu txikitan oso lotsatia izanda, eta jendetzaren aurrean hitz egiteko zailtasunak edukita, badakit hitz egiteko erraztasuna dutenen azpitik sentitzea zer den. Besteen aurrean hitz egiteko lotsa hori hein haundi batean gaindituta, oraindik ere kontziente naiz apenas sumatzen ez dugun botere erlazio sotil honetaz. Jendaurrean jarrera jakin batzuk erakusten dituzten pertsonei beste batzuei baino balore gehiago erakustean ikusten dut gaitza, jende kanporakoiak sozialki besteak baino baloratuagoak izan behar direlako ideia orokorra gailenduz.
Sakon pentsatu beharko genuke ia ze gizarte mota eraikitzea nahi dugun, eta horren arabera abilitate sozialak batzuk edo beste kontsideratu. Nire ustez, pertsonen izaera soziala, gizarteari aportatzeko duten gaitasunarekin erlazionatu beharko litzateke. Baita ingurukoen bizitza atseginagoa egiteko daukaten erraztasunarekin ere. Bestalde, norbere buruari ez beste edozeini laguntzeko lanpetuegi agertzen diren berritsuz osatutako gizarte bat nahi badugu, hortaz bai, kontakatilua izatea abilitate sozial bat kontsideratu dezagun. Aldiz, enpatia eta laguntzeko prestutasuna ezaugarritzat dituen gizarte kooperatibo bat osatu nahi badugu, eman diezaiogun pertsona bakoitzari eman behar zaion lekua, eta baloratu dezagun pertsona bakoitza bere ezaugarri guztiengatik, ez azalean ikusten dugunagatik soilik.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina