Erdara denontzat

Magallanes eskualdeko Punta Arenas hiriko Independencia ostatuko sukaldeko berotasunean, bertako hiritar bat, kataluniar bat eta euskaldun bat daude hizketan mahai inguruan. Halako batean, Buenos Aireseko mutil bat ostatuan sartu eta egun onak ematearekin batera, Punta Arenaseko mutilari zuzenduz elkarrizketa kurioso bat ematen da:

- ¿De dónde es usted?

- De aquí, de Punta Arenas.

- ¡A! ¡Chileno!

- No, magallánico.

- Pero… chileno…

- ¡Que no! ¡Magallánico! - tonu serio samar batez.

Argentinarrak aurpegi arraroa jarri ostean irrifarre bat eskeiniz euskaldunari galdetzen dio:

- Y usted, ¿de dónde es?

- Yo, del País Vasco.

- ¡A! ¡Español!

- No, vasco.

- …

Argentinarraren aurpegia egoera ulertzen ez duenaren adierazgarri da. Euskaldun eta kataluniarrak elkar begiratzen diote, barreari ezin eutsiz, argentinarrak iada non sartu ere ez dakien bitartean. Txiste bat dirudien egoera hau benetan gertatu zitzaidan, hemen idazten dudan bezalaxe. Argentinarra egoera guztiz ulertu gabe erretiratu zen. A ze pena Kataluniarrari nongoa zen galdetu etziola. Horixe besterik etzen falta izan. Kataluniarra neu bezala independentista zen, aurretik aitortu zidan bezala. Guzti hau gutxi ez eta ostatua, Independencia eta España zumardiak batzen diren puntuan aurkitzen da. Magallaneseko biztanleen izaera sentimendu propioa ez nuen aurretik ezagutzen, baina argi daukat inork baino hobeto norberak dakiela zer eta zein den.

Etxean egonda, askotan ez gara kontziente bizi dugun egoeraz, baina bidaiatzerakoan harrigarria da euskaldunok gure burua behin eta berriz justifikatu behar izana nongoak garen galdetzen diguten bakoitzean. Munduko beste hainbat tokitan gertatzen den bezala, kultura gutxituetako kide garenok, errealitate konplexuak bizi ditugu, bakoitzaren kasuak bere berezitasunak dituelarik. Baina euskaraz bizi nahi dugunok modu ezberdinetan bat egiten dugu jasaten dugun jazarpena sufritzerako orduan. Modu ezberdinetan diot, zeren eta errealitate hagitz ezberdinak ematen dira, norbera hazi den herria, edukitako hezkuntza eta bizi duen inguruko kontestuak errealitatea moldeatzen diolarik. Ezin da ahaztu euskaraz bizi nahi dugun pertsona askok sarritan erdarara jotzen dugula, gure idealen eta jokaeren arteko inkoherentziak sortuz. Erdararen eragin ernegarri eta konstantearen aurrean, euskararekiko dugun errespontsabilitateaz kontziente izan behar gara. Onartu behar dut batzuetan euskalduna izatea nekagarria dela. Familia euskaldun baten jaioagatik ere, erderak gutariko batzuengan izan duen eraginaren aurka egiteak, azalpenak behin eta berriz emate horrek eta bakean utziko ez gaituen estatu baten barruan bizi garela jakiteak nekatu egiten du. Kasu batzuetan, euskalduna izatea hautu politiko bat dela ematen du, eta ez litzateke horrela izan beharko, aldi berean erdaldun giroan hazi diren hainbat pertsonek euskaraz bizitzeko egindako hautua baloratzen dudalarik.

Guzti honetaz hausnartzeaz batera, Argia aldizkarian argitaratutako ikerketa batek gai honen inguruan aspalditik su txikian egosten zebilen kontu bat ere azaleratu du. Zigor Olabarria Oleaga kazetariak LEPeko (Lan Eskiantza Publikoa) hizkuntz eskakizunen aferaren inguruan egindako ikerketak, talde jakin batek izkututik modu antolatuan lan egiten zuela bistaratzea lortu du. Euskara denontzat aldarrikatzen ari direnak, euskararen alde egin beharrean, soilik lanpostu publiko bat lortzeko euskara titulua saihestu nahi dutenen alde ari direla antzeman daiteke. Euskara denontzat eskatzen dutenek euskaraz bizi nahi al dute? Ez dut hauen ahotik horrelako erreibindikaziorik entzun. Ikerketa dela eta biktimatzat azaldu direnen diskurtsoei hipokrisia kirats bat igarri diet. Talde hauetan kamuflatuta dauden euskarafoboak alde batera utzita (ez dute nire begirune edo arretarik merezi), borondate onez jokatzen ari dabiltzala uste dutenengan jarriko dut fokua. Kasu batzuetan kontzienteki egin gabe ere, zapalkuntza mota bat zuritzen dutenen hipokrisia sotila igartzen zaie. Emakumeen eskubideen alde daudela baina feminismo adar erradikalenak dezente pasatzen ari direla dioten aho maskulinoen hipokrisia mota antzerakoa. Borondate ona duten gizon jator itxura dutenen diskurtso biktimistek lez.

Egongo da nire idatzia oportunista dela, kolektibo jakin batenganako daukadan gorrotoa azaleratzeko aprobetxatu dudala, edo euskaldun gailentasun kiratsa dariola uste duenik. Zintzotasunez diot ez dudala pertsonalki inoren kontra eraso egiteko asmorik (esan bezala, euskarafobo mozorrotuak alde batera utzita). Pertsona batzuek erakusten duten postura eta jokabide batzuen kontra egitekoa baizik. Erlazio botere orotan denok daukagu pribilegio maila bat, gorago edo azpirago. Gure pribilegio maila zein den konturatu eta egoera bere osotasunean ulertu beharko genuke, soilik pertsona onak garela pentsatu beharrean. Modu batean edo bestean gaizki jokatzen duten pertsona on asko dago mundu honetan. Benetan sinisten dut kolektibo horietako askok ez dutela asmo txarrik buruan. Baina maiz, borondate ona duten pertsonak ere ez dira kontziente beraien interesak defendatzeko beste askoren gainetik jarraitzeko pribilegioak defenditzen ari direla. Biktimatzat ageri diren askok argi eduki beharko lukete hizkuntza politikak kontutan hartuta zeintzuk dauden botere erlazio honetan zeinen azpitik. Azkenik, sarritan gertatzen da zapalduenak direnek ahotsa altxatu eta kritiko azaltzen direnean, inposatzaileak izatea aurpegiratzen zaiela. Kontu ezberdinetan oso ohikoa den tortilari buelta emateko jokoaren beste taktika bat.

Ni ere ados nago ez litzatekeela euskara titulazioen beharrik egon beharko postu jakin batzuetan lan egin ahal izateko, baina noski, egoera normalizatu batetan biziko bagina. Hau da, denok gure egunerokoan euskaraz bizitzeko aukera bagenu. Horretarako noski, Euskal Herrian bizi garen denok jakin eta egin beharko genuke euskaraz. Zoritxarrez euskara, euskaldunok eta Euskal Herria ez gara egoera normal batean bizi. Beste kontu bat da, normaltasun eza normalizatu dela. Baina gutariko asko ez gaude hori onartzeko prest. Hori dela eta, ziurrenik gutariko askok pentsakera erradikalak ditugula usteko da. Ados nago arlo honetan eta beste zenbaiten inguruan pentsakera erradikala dudala, berauek edukitzea ezinbestekoa kontsideratzen dudan beste. Arazo larrien aurrean neurri erradikalak beharrezkoak dira, gaitza errotik konpontzeko. Jakina irtenbidea kontsentsuatua izan behar dela, baina arazoaren kalteak sufritzen dituen kolektiboaren hitzari lehentasuna emanez. 

Alor honetan nire iritzia partekatzeko asmoz, Euskal Herrian euskara hizkuntza ofizial bakarra izan beharko litzatekela uste dut, euskara benetan defendatzeko irtenbide bat bezala. Argi dago beste irtenbide posible batzuk izango direla, baina uste dut ezin dela azaleko sasi irtenbiderik onartu. Zenbat denbora pasa behar al da gure kultura eta hizkuntzak merezi duen errespetua jaso arte? Egoera hau pairatzen dugun hainbaten artean haserrea sortzea logikoa da, edozein injustiziaren aurrean ernegatuta dagoen beste inorengan bezala. Hala ere, bihotza bero baina burua hotz mantentzearen aldekoa naiz. Ahal bada, modu alai eta optimista batekin. Irtenbide integral eta sendo bat bilatzeko bidean. Bitartean, erdara denontzat. 

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Negarraren garrantzia

Genero identitatea eta sexu orientazioa

Gaur goizeko ametsa