Txikitasunaren handitasuna
Nahi izanda ere ezin zaio inongo aspektu positiborik topatu… esan zion bere buruari. Hala ere, noizbehinka gorputz barreneko sakontasunetik halako estimulu bat sentitzen zuen. Forma garbi bat eduki gabe ere, bere buruak sortzen zuen ideia horri nolabait aurre egiten zien seinale moduko batzuk. Puzzle bat osatzeko beraien artean loturarik etzuten baina gorde beharreko piezak bailiran.
Buruak sufrimendua estaltzeko joera du berau ulertu eta erroari eraso beharrean. Nahikoa ez eta orain berriz borrokatu behar? Ez, mesedez. Deskantsoa behar dut. Ekaitza igarota ordea, pasatakoari perspektiba lasai batekin begiratzeko beta eduki eta gorputzaren seinale horiek ulertzeko grina piztu zitzaion. Pasatakoak pasata ere, berriz muturra sartzeari ekitekoa. Hau da sufritzeko gogoa…. edo gehiago ez sufritzeko bidea topatzeko nahia? Ustez gaiaren jakitun direnen aholkuei jarraitzea baino, norberaren senari kasu egitea hobe. Noski baietz. Norbere buruaren beldur izatea baino gauza beldurgarriagorik ez dago. Inori kalterik ez eragitea bezainbesteko garrantzitsua da norbera zaintzea. Norbera zein ingurukoak maitatzeaz batera beldurra apaltzen da. Hortik aurrera, erantzunak topatzeko detektibe lanak egiten saiatzea jolas bihur daiteke.
Estimulu horiek iradokitakoaz iada ahaztuta, nahitaez haiek gogora ekarri behar. Arnasa hartu eta bota, begiak itxi eta gorputzaren barrenetan zehar bidaiatu, nolabait itxitako zaurien ateak joaz. Erantzun argi baten zain. Hain erreza ez eta begiak zabaldu behar, bizi behar, aspaldiko zauriak ireki eta beraiekin solas egin bitartean.
Epe luzera hobe da zikinkeria ikusgai edukitzea, berau alfonbra azpian gordetzen aritzea baino. Gutxi zikintzea edota sarritan garbiketa arin bat egitea are hobeago, noski. Itxurakeriak edo beste alde batera begiratzeak bere lana egin dezake, alfonbra zabalak bezala. Halaber, zauriek hitz egiten dute eta entzun arazten dira. Fatxada eraiki aurretik egitura egonkor eta iraunkor bat edukitzea komeni. Eta alfonbra jaso eta zikinkeria atera bezala, fatxada erauzi behar egiturari arreta eskaintzeko, berau artatzeko. Alfonbra guztia bota, ondoren beste batez ordezkatzeko. Edo alfonbra gabe bizi, zikinkeria ikusgai izan dadin, inolako lotsarik gabe. Zoru guztietan pausatzen baita hautsa eta lohia, gehiago edo gutxiago.
Konturatu orduko, gorputzaren barreneko mezuak ulertzen hasi zen, edo uste behintzat. Ustea erakargarri zein sinesgarria izanda, errespetagarria bederen. Bilatu gabe, noizbehinka azaltzen ziren, hainbat forma eta intentsitate erakusten zuten puzzleko pieza horiek. Egoera aski ezberdinetan agertu ere, ordurako ezagun zitzaizkion seinaleak. Iraganean sufritu arazi zioten jasandako eta edukitako handikeri berberek nazkatu zuten, txiki eta zaurgarri izatearen garrantzia eta edertasuna bistaratuz. Irrifarre egin eta handien pare sentitu beharrean, hauek ere txikiak direla jakinez, handi izan nahiaren zentzugabekeria ulertuz. Nekeza izan arren, piezak banan banan bere lekuan ipintzen osatzen da puzzlea.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina