Noizko maitasun sailburua?
Harrigarria da gure gizarte moderno honetan zenbat jakintza bereganatu ditugun. Mikroskopiko diren bakterien ugalketak ulertzetik galaxia ezberdinetan dauden planeten egiturak ezagutzeraino. Munduko geopolitika aztertzeko gai izatetik, kotxe baten pieza ezberdinen funtzionamendua azaltzeraino. Ikasketek ahalbidetuta edo norberaren kabuz ikasteko dauden baliabideei esker lortu daitezkeen jakintzez horniturik, berbaldi arras interesgarri eta sakonak eduki ditzakegu; milaka kontuekiko adituak bagina lez.
Gure barnean gertatzen diren emozioei edota gure arteko erlazioen ondorio diren kontu delikatu batzuei buruz hitz egiterako orduan ordea, mutu geratzen gara askotan. Biluztu eta norbere buruarekin edo ondokoarekin zintzoak izateko orduan arazo dezente izaten ditugu. Sarritan munduko edozein kulturatan bizi den pertsona ororen bizitzetan gertatzen diren kontu sinple amankomunei buruz hitz egitea gehiago kostatzen zaigu, sekulako konplexutasuna duten beste azaleko asuntu batzuri buruz solas egitea baino. Ikusi ditut goi mailako ikasketak edukita eta arlo askotan jakintsuak diruditenak, gai pertsonal baina sakon batzuen aurrean zer esan ezinik. Zalantzak izaten ditut, kontu hauei buruz hausnartu ez duten, edo gai hauek lotsarazten ote dituzten. Izan ere, denok ditugu sentimenduak, norbanakoak eta besteenganakoak. Bestalde, ezagutzen ditut ikasketa bereziki handirik edo batere eduki gabe ere, bizitzako aspektu askorekiko sekulako erakustaldiak eman dizkidatenak. Maitasun, gorroto, tristura, poz, edota pertsonen arteko ulermen, desadostasun edo bestelako erlazioek eragiten dituzten hausnarketen inguruko solasaldi interesgarriak opa dezaketenak. Filosofia ikasketarik eduki gabe ere, existentzialismoaren inguruko berbaldi eder eta sakonak eskaintzen dituztenak. Eta noski, entzuten jakin dakitenak. Norbera ezagutu, ulertu eta onartzeko gakoetaz hitz egiten dutenak, sekulako adimen emozionala agerian utziz. Maiz gako hauek norberari aplikatzea kosta egiten zaien arren. Inor ez da perfektua. Gure artean elkar ulertzeko gaitasunaz gain, bizitza eder eta oparoago bat planteatzeko gai direnak. Nahiz eta beraiek ere besteren batzuekin gatazkak eduki izan dituzten. Noski, mundu hau ez da inorentzat ideala. Baina saiatzen dira, eta transmititzen dute. Inongo lider edo zuzendari izan gabe ere, mundu hobe bat eratzen laguntzen dutenak. Isilpeko aktibistak. Eta guzti hau inolako handikeriarik gabe, jakintsuak kontsideratzen ez direnez. Ez dituzte goi mailako ikasketak edota ez dira pertsonaia ospetsuak, hortaz, esaten dutenak ez omen du garrantzi handirik. Ahuntzaren gauerdiko eztulak baino are gutxiago. Horrela sinistu arazi zaie, eta halaxe sinisten dute, zoritxarrez. Harro sentitu beharko lirateken pertsona batzuk txiki sentitzen dira beste batzuk bizitzari buruz hauen jakintzaren atal bat edukita ere beti tente azaltzen diren bitartean. Agian hor dago gakoa, umiltasunean, alegia. Batek daki. Dena den, ez da bidezkoa zenbat eta zenbat pertsona jakintsu itzalean edukitzea, beraien jakintzak mespresatuz. Eskeintzen dutena haintzat ez hartuaz. Akaso ez lirateke bizitzari buruz hainbeste dakiten hauek izan beharko gure gizartea zuzendu beharko luketenak? Zergatik ez dago elkar ulertze sailburu bat? Edo filosofia sailburu bat? Zergatik ez dago maitasun sailburu bat?!?!?!?! Ai ene koitadua, a zer nolako inuzentea zaren… sailburuak benetan garrantzitsuak diren arloetarako daude. Industria, ekonomia, segurtasun, turismo eta horrelako kontuak, alegia. A zer nolako burutazioak dauzkadan, inozoa ni…
Amaitzeko, ditugun jakintzen arabera inor beste inoren gainetik egoten segi ordez, denok maila berberean kokatzea exijituko nuke. Bakoitzak dituen jakintzak errespetatuz, baina kontu bakoitzari daukan balorea emanez. Oro har zientziak deritzotenak interesgarri zein beharrezko badira ere, ez dut uste gure gizarteko ardatz izan beharko luketenik. Arlo hauetan tekniko apartak edukitzea ondo legoke, baina saia gaitezen behingoz gure garapen teknologikoaren gainetik garapen intelektuala ezartzen. Intelektualtasuna adimen anizkuna eta filosofikoa kontsideratuz. Eman diezaiegun merezi duten balioa bizitzaren aspektu orori buruz hainbeste dakiten pertsonei. Hartu dezatela behingoz merezi duten lekua, gizarte justuago eta atseginago baten alde.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina