Lur azpitiko bidaia
Lur azpitik zehar ibilia denak agian ulertuko du istorio hau. Lur azpia iluna da, eta hotza gehienetan, nahiz eta batzuetan gorputzaren tenperatura inolako abisurik gabe igo daitekeen, bat-batean gorputza izerditan sentitu arte. Ez dakit zer nolako sakontasuneraino jaitsi naizen lurrean barrena, ezta ere norainoko sakontasuna duen. Badakidana zera da: gero eta sakonago sartu, eta denbora luzeagoan egon, are eta zailagoa egiten dela bertatik ateratzea. Behin baino gehiagotan egin dut bidaia hori. Sakontasun jakin batera heltzerakoan, goian egon behar lukeen argia bistaz galtzen da, eta soilik noizean behin bistaratzen da. Argia hain urrin azaltzen da, non ia ezinezkoa den bertara heltzeko zer norabidetan jo behar den jakitea. Lurrazalean inoiz izanaren oroitzapena ere galtzen da askotan, bertan sentitutako segurtasun eta epeltasunean inoiz bizi izana ahaztera heldu arte.
Lur azpian izan denak erraztasuna du berriz bertara bueltatzeko, izan ere, zuloa ezagutzen duenak urrutitik bistaratzen du, eta bertara erortzeko beldurrak eraginda ez dio zuloari bistarik kentzen, horrela nahi gabe bertara zuzenduz. Zuloa aurretik ezagutzen ez duenak, aurrera begiratu eta zuzen jarraitzeko joera erakusten du, igarri barik, zuloa alde batera utziz. Beraz, behin lur azalean egonda, zuloak saihesten ikastea ezinbestekoa da, berauek alde batera utzi eta aurrera begiratuz, behin bertara eroriz gero, norbere kabuz irtetzea posiblea baina nekeza baita. Besteren baten laguntzarekin irtetzea ordea, errazagoa eta atseginagoa da. Kontua da lur azalean dauden askok ez dituztela lur azpikoak ikusten, eta lur azpian daudenek arazoak izaten dituztela lur azalekoei laguntza eskatzen. Lur azpian daudenek aldiz, laguntza gutxi eskaini ahal diote elkarri. Ez borondate faltagatik, indar eta kemen eskasiagatik ordea.
Lur azpian gauza interesgarriak ere ikasten dira batzuetan, kontu ezberdinekiko ikuspuntua aldatzeaz batera. Horrela, jakintsuago edota indartsuago ateratzeko aukerak ere badaude, baita gaitasun jakin batzuk garatzeko ere. Hala ere, bidaia hau egin ez duen inori ez diot opa bertatik pasatzeko aukera. Zulo bat bistaratzean, segi aurrera begira, hor barruan egoteak jakituria eman balezake ere, zalantza handiak baititut bidaia horrek benetan pena merezi izan dezakeenik eta. Zulora hurbiltzeko kuriositatea duenak, adore eta indarrez egin dezala, osterantzean han ikusiko duenak ez baitio mesederik egingo eta. Ausarta izanez gero ordea, bota dezala begiradatxo bat begi bazterretik, eta ia norbaiti eskua luzatzeko aukera duen, barruan aurkitzen denak seguru asko bihotz bihotzez eskertuko baitio.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina