Immigrazio masiboaren aurka / immigratzeko eskubidearen alde
Harritzen nau ni neu eskuin muturrak adierazten dituen ondorio batzuekin ados egoteak. Immigrazio masiboa arazo bat dela esaten dutenean adibidez. Ondorio honetara heltzeko bideak arras ezberdinak dira halere. Arazo horri irtenbidea emateko proposamenetan ere ez gatoz bat. Eskerrak…
Immigrazioaren kontua aspalditik izan da gizarteari arduratu arazi dion kontu bat. Hala ere, gure kaleak inoiz baino kanpotar gehiagok zapaltzen dituztela (bere garaian Espainiatik etorritakoak kontutan hartu gabe) eta eskuin sektoreen diskurtso gogorrak direla eta, gaur egun agian inoiz baino oihartzun handiagoa du. Esan bezala, eskuin muturrak lez, immigrazio masiboaren aurka nago. Hala ere, egiari zor, eskuin muturra ez dago immigrazioaren aurka, immigrante pobreen aurka baizik. Morroi hauek jende zaurgarria litekeenaren kontra azaltzen dira behin eta berriz, boteretsuen interesak defendatzeko betikoak azpiratzea sustatzeaz gain, jende apala beraien artean borrokatzen ipintzeak irabaziak ematen dizkielarik. Nik ordez, argi eta garbi daukat immigrazio masiboaren aurka bai baina immigratzeko eskubidearen alde egin beharra dagoela.
Gai honekiko eskuinak duen diskurtsoak nazka emateaz gain, beraien gabezia eta proiektu politiko faltak ezkutatzeko erabiliak izan ohi direla dakigu gutariko askok aspalditik. Morroi hauen argumentu falta, inkoherentzia eta moral bikoitza direla eta, ez naiz beraien diskurtsoa deuseztatzen saiatu ere egingo. Zentzu pixka bat duen edonor konturatuko da gai honen eta beste askoren inguruan eskuinak erabiltzen dituzten trikimailu eta gezurrez. Dagoeneko eskuinaren amarruetaz ohartu ez dena ordea, nekez konbentzitu ahalko dut nire hitzekin, burugogorkeria edo interesek bultzatuta bere horretan segitzea izaten baita ohikoena. Hala ere, ezkerreko edo aurrerakoi (gaztelaniazko itzuleran oso modan dagoen progresista) izendatzen diren batzuen ahotan entzuten ditudan argumentuek ere ez naute sarritan guztiz konbentzitzen.
Entzun izan dut immigrazioa ona edo positiboa delakoaren argumenturik. Kultura aldetik aberasgarria dela edota gaur egun sufritzen dugun biztanleriaren zahartze eta jaiotza indize baxua dela eta, berau komenigarria zaigula. Kontziente naiz, gorrotoa ekoizten ohituta dauden beste askok ez bezala, azalpen hauek ematen dituzten gehienek asmo onez hitz egiten dutela. Hortaz, segidan argumentu hauekin guztiz ados ez nagoenaren zergatia azalduko badut ere, argi utzi nahiko nuke errespetua zor diodala borondate onez hitz egiten duen orori. Nolabait esateko, immigratzeko eskubidearen alde nago, immigrazioaren alde egon beharrean. Alde batetik, kultura ezberdinen nahasketek ekar dezaketen aberastasun kulturalaren kontziente naiz, eta argi dago gizarte ezberdinetako pertsonek dakarten jakintzek gure jakinduria aberastu dezaketela. Baina horrek ez du berez immigrazioa ona edo positiboa dela esan nahi. Borondatezko nahasketa bat eman beharrean, kultura batek bestea azpiratu edo zapaltzen badu edo integrazio eta inklusio faltak kultura hartu-emanak oztopatzen baditu, nekez egongo da aberastasun kulturalik. Hortaz, zuzen hitz egiteko asmotan, onartu dezagun beharrezko neurriak ezarri ezean, immigrazioak ez duela berezko aberastasun kulturalik eskeintzen. Esan bezala, kultura parekideen arteko elkartasunaren frutu izanda bai agian, baina kasu gehien gehientsuenetan ez da baldintza hau betetzen. Gizatasuna eta zentzua erakusten duten elkarte eta talde askok dioten bezala, immigrazioa modu egoki batean kudeatzeak ekar dezake gizartearentzat aberastasun kulturala. Hortaz, gura edo ez, etorriko direla jakinda, egin dezagun ganorazko lan bat integrazioaren alde. Baliabideak eta esfortzua eskatuko badizkigu ere, ordainetan irabazten irtengo garela jakin beharko genuke. Orain artekoa hausnarketa nahiko borobila iruditzen bazait ere, min ematen dit immigrazioaren kontua ikuspegi berekoi batetik bistaratu eta kontu hau migranteen azaletik ez aztertzeak. Hau da, immigrazioa begi onez ikusteko, kulturalki aberasgarri egingo zaigula inori konbentzitu behar izatea. Pertsona gehientsuenek beraien herrialdetatik derrigortuta alde egin behar dutela jakinik, ez da zuzena immigrazioa positiboa dela esatea. Galdetu diezaiegun beraiei ia senide eta lagunak uztearekin batera beraien herritik urrun egotea aberasgarria iruditzen zaien. Batzuen kasuan bai, gehienen kasuan zalantzak ditut, ordea. Laburbilduz, batzuetan erabiltzen dugun diskurtso “guai” honek moldaketa bat beharko lukeela iruditzen zait, errealitatearekin gehiago egokitzeko asmotan. Zentzuzkoagoa deritzot zoritxarrez beraien herrialdetik emigratu beharra daukaten pertsonei gizatasunezko harrera duin bat egiteko betebeharra daukagula, eta bide batez beraiengandik hainbat kontu ikasi dezakegula aipatzea, eta kitto. Bestalde, immigrazioa gure ekonomia indartzeko ondo datorkigula deritzoten diskurtsoak, nahiko krudelak iruditzen zaizkit. Kanpotik datozenek gure ekonomiari eskeintzen dieten sekulako onurek beraien inguruan sortu diren mito gezurtiak deuseztatzeko balio behar lukete, baina inola ere beraien ekarpena onuragarria zaigunez immigrazioaren positibotasunaren argudioak babesteko. Guk egin nahi ez ditugun lan prekarioak beraiek egitearen probetxuari buruz modu jator batean hitz egitea larria da benetan. Kanpoko edo bertakook burututakoak izanda ere, edozein lan prekarioren aurka agertu beharko ginateke, gu baino gutxiago kontsideratzen dugun inori (inor gutxiago kontsideratu beharko ez bagenu ere) lanpostu haiek betetzea opa baino. Ez gaitezen diskurtso makur honetan erori, mesedez.
Hau esanda, immigrazio masiboak kalterik eragin dezakeela ere ezin da ukatu. Berriz, immigrazioak gizartean eragin dezakeen kalteak aintzat hartu gabe, berau aberasgarria dela esaten duenak, akats larri bat egiten ari dela esango nuke. Jarrera anti-arrazista edukitzeagatik soilik, posibilitate hau ukatzen badugu, errealitatea onartzeko prest ez gaudenaren seinale izan daiteke, parekoei beraien inkoherentziak onartzea exijitzen diegun bitartean. Argi eduki beharko genuke gaur egun immigrazioak gure gizartean erronkak planteatu ahal dizkigula, kohesio sozialaren inguruan esaterako. Hau ontzat hartu ezean, gure burua engainatzen ari garela ulertzen dut. Hau onartzeak hala ere, ez liguke berekoitasunez jokatzeko eta immigranteen aurka agertzeko inolako zilegitasunik eman beharko. Immigrazioak erronka bat suposatzen badigu, berau kudeatzeko ekintza eta estrategiak martxan jarri beharko genituzke, esan bezala gizatasunez jokatu nahi badugu. Eta bestela, onar dezagun berekoi hutsak izateaz gain, arrazista eta bihozgabeak garela. Inork bere buruaz horrelakorik onartu nahiko ez duenez, immigrazioa arazo edo erronka bat izan daitekeela onartuta ere, beraien herrialdeetatik egoera eskas eta askotan beldurgarrietatik ihesi datozen pertsonak beso zabalik hartu beharko genituzke. Gu bezala, pertsonak direlako, eta gutariko inork bizi nahi ez genituzkeen egoera izugarriak bizi behar izaten dituztelako. Egoera eskas edo jasanezin bat pairatzeagatik gogoz kontrara beraien herrialdetik alde egin beharra eduki, askotan bidaia gogor bati aurre egin eta gurera bizitza duin bat edukitzera etorri ostean, trabak eta mesfidantza jasan behar duten gizakiak dira. Gizakiak, ez gizarajoak. Herrialde horietatik datozenak ez dira gizarajoak, egoera makurrei aurre egin behar dieten pertsonak baizik. Gizarajoak askotan guk egiten ditugu, edo saiatzen gara. Saiatu gaitezen gizatiarrago izaten.
Immigranteak gure herrian nahi ez dituzten horiek, edozein pertsonak bere herrialdetik ihes egin behar izatearen aurka gaudenokin batu beharko lirateke, irtenbide integral eta holistiko bat topatzeko saiakeran. Gizatasunik erakutsi ez eta immigranteak kanporatu nahi dituzten horiek ados egon beharko lirateke planteatuko dudan honekin: emigratu beharra daukaten pertsonen herrialdeetan bizi baldintza hobeak bermatuko balira, gurera ez lirateke horrenbeste etorriko, eta arazo honetan badaukagu zer ikusirik. Hemen dago kontu guzti honen gakoa. Aurrerakoiak kontsideratzen diren askok ere ez dute guztiz onartzen gure gizarteak egoera okerretan dauden hainbat herrialdetan eragiten dituen kalteen larritasuna. Hau onartu ezean, jai daukagu. Gure aberastasunaren zati handi bat beste herrialde askoren bizkarrera egindakoa dela, alegia. Mendeetan munduko abusatzaile izan garen eta izaten jarraitzen dugun berberak gara herrialde hauetan jasaten diren egoera makur batzuen erantzule, modu zuzen edo zeharkako batean. Diskurtso populistaren aurkakoa den hau ez da gurean onartua izateko erraza, izan ere, inork ez du pertsona txar edo makurra dela kontsideratu nahi. Haatik, ez diot gaizkileak garenik, pertsona onak kontsideratzen garenok askotan gaizki jokatzen dugula baizik. Gure bizi maila bermatzeko (bizi kalitatearekiko bereizi beharko genukeena), beste herrialde askotako baliabideetaz jabetzeaz gain, bertako jendearen eskulan merkeaz baliatzen gara. Soberan frogatua dago gure gobernu eta enpresa multinazionalen interesak babesteko gobernu ustelak sostengatzeaz gain, talde paramilitar eta terroristak ere finantziatu direla kasu askotan, eta horrela, herrialde hauetako aberastasuna modu ezberdinetan gureganatu dugula. Pastelaren zati handiena “gure” boteretsuen eskuetan geratzen bada ere, gu ere guzti honen etekin batetaz baliatzen gara. Esandakoa frogatzeko informazio ugari eskura edukita ere, entzungor eta ez ikusiarena egitera jokatzen dugu, baita aurrerakoi kontsideratzen garen askok ere. Gure buruarekin zintzoak izatea falta zaigu gehiegitan. Guzti hau esanda, “hirugarren munduko” herrialdeak zoritxarrez txiroak direla esan beharrean, guk txirotutako herrialdeak direla baieztatu beharko genuke. Has gaitezen behingoz arazoaren erroa aztertzen. Mendebaldeko boteretsuenek mendeetan zehar erabilitako kanpo politikek eta herrialde horietako konplizeen gupida faltak eragindako egoerak jasaten dituzte aipatutako herrialde hauetariko askotan. Egoera hauen jatorri eta sortzaileen aurka agertu behar gara, gure herrialdeetako agintari zein enpresarien ekintzek beste herrialdeetan dituzten eraginak salatuaz batera. Ez dago sikiera herrialde hauei laguntza eskeini beharrik, ostutakoa bueltatu eta gure hatzaparrak bertatik ateratzea besterik. Boteretsuenen jokaerak salatzeaz gain, gure ekintza eta ohiturek duten eragina aztertzea ere komenigarria litzateke, arazo honi nolabaiteko aportazioa egiten diogunez. Guztion ongizatea bermatzeko bidean, aipatutako bizi maila agian apaldu beharko genukeela deritzot. Agian gutxiagorekin bizitzera ohitu beharko ginateke, besteen kontura irabazitako aberastasunari uko egin eta denok bizi maila parekatuago bat eduki dezagun.
Inork ez dezala pentsa geurean ere egoera makurrak jasaten dituzten pertsonak daudela ez dakidanik. Azken finean, erlazio botereek modu ezberdinetan kurutzatzen gaituzte batzuk eta besteok. Mila modutan borrokatu behar da bizitza duin baten bila, izan arrazismoaren aurka, patriarkatuaren aurka edota etxebizitza bat lortzeko eskubidearen alde. Norberaren arazoek ez diezagutela besteenak estali arazi. Esan bezala gurean ere egoera makurrak jasaten dituzten pertsonak egon badaudenez, hauek jerarkiako kate honetako kaltetuekin enpatia eduki beharko lukete. Egoera hobeago batean daudenak aldiz, bere pribilegio eta zorteaz ohartu beharko lirateke. Bi kasu hauek ordea ez dira beti horrela ematen. Jerarkia mailako behealdean dauden askok, beraien kondizio eskasa agintari politikoek hartutako erabakiek sortutako egoera sozioekonomikoen ondorioa delako ustea balute (nire ustetan begi bistakoa dena), argi edukiko lukete kontuak nori eskatu beraien egoera salatzerako orduan. Honen ordez, sarritan maila baxukoak bata bestearen kontra jarri eta beraien artean leihatzen saiatzen dira, bizirauteko senak bultzaturik akaso. Gorago aurkitzen direnak ordea, merezimendu osoz lorturiko posizio batean kokatzen direla sinisten dute askotan. Noski, norberaren patrimonio edota pribilegioak esfortzu propioarekin irabazitakoak direla uste izateak norbere buruaz harro egoteko estrategia mental egokia suposatzen du. Aldi berean, gure ekintzekin inori kalterik eragiten ez diogula pentsatzea kontzientzia lasai mantentzeko modu eraginkor bat da. Argi dago ez dela pertsona guztion jokatzeko modua, baina oso hedatuta dagoen jokabide bat dela esango nuke, hein handiago edo txikiago batean, eta maizago edo gutxiagotan denok praktikatzen duguna. Norbere buruarekin harro egoteko milaka arrazoi edukita ere, gure akatsak eta ekintza desegokiak onartzeko gai izan arte, nekez deseraiki ahal izango ditzakegu gure gizartean ematen diren botere erlazio andana. Apaltasun eta zintzotasunari lekua egin beharko genieke, arazo asko eta asko ulertzeko beharrezko informazioa eskura baitugu.
Laburbilduz, beste kontu askorekiko hausnarketek eramaten nauten puntu berdinera bideratzen nau gai honek. Guk sufritzen ditugun ezbehar edo injustiziak konpondu nahi baditugu, beharrezkoa da gure buruarekin zintzoak izan eta guk eragiten ditugun kalteak ere onartzea. Hau egin ezean, guri eragindako kalteen erantzuleek zergatik onartu beharko lituzkete beraien ardurak? Pertsona onak izateak ez du dena ongi egiten dugula esan nahi, eta gure birtute eta gabeziak edota asmatze eta akatsak onartu behar ditugun bezala, gure ekintza on eta txarrak zeintzuk diren identifikatu beharko genituzke. Botere gosea duten berekoiak bere lekuan jartzeko beharra bezain garrantzitsua da borondate ona erakusten dugunok zintzotasunez jokatzea. Soilik horrela elkar ulertu ahalko ginateke modu oso batean, guk geuk erreproduzitzen edota pairatzen dugun botere erlazio oro deusestatzeko bideari ekiteko aukera zabalduz.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina